Ekainaren 4an ospatuko du 25. urteurrena Zestoako Ertxiña Musika Eskolak. Hilabeteak falta diren arren, dena prestatzen hasiak dira dagoeneko, eta aurten ez dute gain-gainean diren santaeskean irtengo. Musika, ordea, egunero bizi dute 166 ikasleek, hamalau irakasleek, hamabosgarren langileak eta zuzendaritza batzordeko kideek.
Momentu gozoa da hau musika eskolakoentzat. Urtez urte aurrera doaz, goraka, eta aurten ikasle gutxiago matrikulatuko zen beldur ziren. «Dena den, ez da halakorik gertatu eta gustura gaude, balorazio positiboa egiten dugu», esan du musika eskolako zuzendari Maria Jesus Etxeberriak. Zestoa bezalako herri batentzat horrenbeste ikasle izatea «asko» dela uste du. Arroa eta Aizarna auzoetatik ere joaten zaizkie musikari gazteak, eta bakarren bat Azpeititik ere bai. Pozik iritsi dira urteurrenera, beraz.
Orain, egunerokoaz eta ekaineko jaialdiaz gain, Inauterietan dituzte jarriak indarrak. Gerturatzen ari dira urteko egun magikoenak, eta orduan bai, kalez kale ibiliko dira herriko Musika Bandarekin parez pare. Urtean zehar ekitaldi gehiago ere egingo dute, denak musika tresnei lotuak. «Guk ez ditugu dantza edo kantu eskolarik ematen, beste musika eskola batzuek bezala».
Gurasoen ekimenez sortua
Etxeberriak 22 urte daramatza musika eskolan lanean. Hasiera-hasierako inork ez du jarraitzen, baina oso gogoan ditu eskolaren hastapenak. Idiazpi kalean, orain dantza taldea biltzen den tokian, egin zituen lehen pausoak Ertxiñak. Beste zenbait talderekin partekatzen zuten lokala. Urte gutxi barru aldatu ziren, ordea, orain dauden tokira, kultur etxeko lehen solairura, hain zuzen ere.
Musika eskolaren sorrera guraso talde bati sor zaiola gogoratu du Etxeberriak. Ordura arte, «Arroako irakasle bat etortzen zen erdigunera eta etxez etxe ibiltzen zen eskolak ematen». Baina «guraso batzuek pentsatu zuten egokiagoa izango zela haur denak lokal batean bildu eta eskolak han ematea», eta hori lortzeko mugitzen hasi ziren. «Hasiera hartan batzordeko kide izan zen Juan Antonio Kortadik asko lagundu eta bultzatu zuen musika eskola urte askoan zehar. Hari esker egin zuen aurrera eskolak», nabarmendu du zuzendariak. Bestelakoan, 25 urte hauetan gauza onak eta txarrak, denak, bizi izan dituztela gogoratzen du: «Hasieran langileok ez geneukan Gizarte Segurantzarik eta halakorik, baina poliki-poliki baldintzak eta eskaintzak hobetuz joan ginen, eta zuzendaritza batzordearen laguntza ere beti izan dugu».
Urte hauetako zailtasunak nabarmentzekotan diru arazoak nabarmendu ditu. «Baina nola edo hala beti moldatu izan gara, maileguak eskatu behar zirenean eskatuta». Azken urteetan ez dute eskatu beharrik izan, hala ere.
Jaialdi herrikoia eta DVDa
25. urteurreneko ospakizunei dagokienez, herriko hainbat talderen parte-hartzea eskatu dute dagoeneko ekainaren 4ko jaialdira begira. Musika Bandari, Itxaropena dantza taldeari, Amalda Txiki abesbatzari eta txistulariei eskatu diete laguntza. «Denek baiezkoa eman digute», jakinarazi du Etxeberriak.
Jaialdiaz gain, DVD bat prestatzen ere ari dira. Argazki bilduma eta Ertxiñaren historia bilduko dituzte bertan, eta ekainerako amaitu nahi dute. «Prezio sinbolikoan» salgai jarriko dute gero: «Ekoizpen gastuak parekatzeko prezioan eskainiko dugu, eta harrera ona izango duen esperantza dugu, herritar asko agertzen delako bertan».
Urte hauetako eraldaketa agerian geldituko da DVDan, eta hori musika eskolako partaideen gustu musikaletan ere nabaritzen dela adierazi du Ertxiñako zuzendariak: «Txistua zen nagusi hasieran, akordeoiekin batera». Orain, akordeoi eta txistu gutxi eta gitarra asko entzun daiteke kultur etxeko hormen artean, eta «trikitiak ere arrakasta handia du».
Jotzen dituzten piezek ere ez dute antza handirik orain 25 urtekoekin. Lehen Chopin, Bach eta halako musikarien partiturak jotzea nahitaezkoa zen. «Orain ikasleak eurak etortzen zaizkigu eskakizunekin». Betiko klasikoak desagertu ez diren arren, hots banden musika eskatzen dute asko. Bestalde, ikasteko lehengo formulak «astunak» zirela aitortzen du, eta zentzu horretan asko aurreratu dela uste du: «Abesti errazekin hasten dira orain, eta gero ikasleek eurek esaten dute zer nahi duten jo».

Aurrera begira, txalaparta eskolak berreskuratzea da musika eskolakoen asmoa. Izan ere, aurreko ikasturteetan taldeak sortu diren arren, aurten ez dute txalaparta irakatsiko. Hurrengo urterako, ordea, taldea osatu nahi dute. «Berriz eskaerak iristen hasi dira». Urteurrenak bete arren, aurrera egin behar delako.