Kortazar inguruko Elizelai eta Laurgain etxepeetako bizilagunek Madrilgo Auzitegi Gorenean aurkeztutako autoa onartu du epaitegiak. Hala, San Pelaioko orubean ezingo da etxebizitzarik egin epaitegiek bertan eraiki ahal izateko kalifikazio aldaketa legezkoa den ala ez erabaki artean. «Epaia ez da zuzena; izan ere, errekurtsoan proiektuan aldaketak egin direla jasotzen da. Aldaketak ez genituen egin, plan berria onartu genuen bere garaian», azaldu du Hirigintza zinegotzi Ubaldo Ortizek. Haren arabera, Kortazarren «garaian garaiko beharren araberako» eraikuntzak egingo direla dio plan berriak. Bizilagunek, ordea, Kortazar «esparru libre» gisa finkatuta dagoela argudiatu zuten bere garaian.
Hirigintza zinegotziak Gorenaren erabakiak «zehazki zein eragin izango duen argi» ez duela azaldu du: «Egoera bitxia da, eta ez dakit horrek proiektuan eraginik izango duen». Izan ere, zinegotziaren arabera, Elizelaiko auzokideek «epez kanpo» egindako eskaera baten harira dator «nahasmena».
Ezker abertzalearen gutuna, Kortazarren inguruan:
San Pelaioko Kortazarren ezingo da etxebizitzarik egin, auziaren muina (etxebizitzak egin ahal izateko onartu zen kalifikazio aldaketa legezkoa den ala ez den) epaitegiek erabaki arte, baina erabaki hori urtetan luza daiteke. Udalak bultzatutako kalifikazio aldaketaren helburua zen 150 bat etxebizitza sozial egitea, alokairuan emateko, baina bizilagunek adierazten dute, besteak beste, Kortazar eremua ekipamendurako eta berdegunetarako zela eta Udalaren etxebizitza-proiektuak ez dituela betetzen, goitik jotzen duelako, eremurako erabakita dauden okupazio baldintzak.
Proiektua trabatuta dago epaitegietan, baina, Udala gobernatzen duten alderdiek ez dute auzia arintzen lagundu, konpromiso batera iriste aldera. Alderantziz, harroputz jokatu dute eta bizilagunak iraindu dituzte, etxebizitzaren behar gorrian daudenekin elkartasunik ez dutela leporatu baitiete luxuzko etxebizitzetan bizi diren horiei. Alegia, gazteak alokairuko etxebizitzarik gabe geratzen badira, errekurtsoa jarri duten bizilagunen erruz izango dela. Aurpegia behar du, Udalaren azken hogeita hamar urteotako etxebizitza-politika ikusita, etxebizitza arloko miseriak herritarrei leporatzeko. Udal agintariak izan dira eraikitzaileen negozio baldintzei men egin eta zarauztarrak kale gorrian utzi dituztenak, ez herritarrak, ez Kortazar inguruko bizilagunak.
Kortazarreko etxebizitza proiektua ona da bere horretan, eta Ezker Abertzaleak ere horren alde egin du, baina bizilagunen eskubideei erasan egiten bazaie, eta proiektuak ez baditu Udalak berak onartutako baldintzak betetzen, hain ona ez zela onartu beharko da.Kontua zera da, beste etxebizitza proiektuetan ez dela Kortazarren egin nahi dena proposatzen: 2.500 bat etxebizitza berri proposatzen dira eta horietatik 150 bakarrik alokairurako, Kortazarren. Hau da, zergatik ez dira alokairuko etxebizitzak proposatzen, adibidez, Salberdinen? Karta jokoa nekez irabazi daiteke jokaldi bat bakarrean.
Azken buruan, gaur egungo udal gobernu makal hau da aldatu behar dena, ez Kortazar inguruko bizilagunen jarrera.
Irati Altzibar, Koldobike Muniain, Xabier Epelde eta Gema Apalategi, Ezker Abertzaleko Udal taldea . Zarautz.