Arnasa hartzeari utzi eta bihotza gelditzen denean, segundo bakoitzak garrantzia du pertsona horren bizitzan. Adituen esanetan, lehen hamar minutuetan esku-hartu ezean, bizirauteko aukerak asko murrizten zaizkio gizakiari, ia ezerezean gelditu arte.
Kasu horietan desfibrilagailuen laguntza erabiltzen dute mediku eta erizainek pertsona suspertzeko. Ospitaleez gain, anbulatorio guztiek dute tresna hori, anbulantzia gehienek ere bai, baina zer gertatzen da zerbitzuok gertu ez dituzten herri eta auzoetan? Eta anbulantziak iristen hamar minutu baino gehiago pasatzen dituen guneetan?… Erantzuna ondo baino hobeto daki Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuan eta anbulantzietan lan egiten duen Asier Zamakola Aizarnazabalgo bizilagunak. Bere bizitokiko anbulatorioa goizez bi orduz baino ez da egoten zabalik astegunetan, eta gainerakoan Zumaiatik joan behar izaten du anbulantziak.
Horregatik, herrian bertan eta herritarren eskura jarri nahi du Kanpo Desfibrilagailu Erdiautomatikoa. Txostena iaz aurkeztu zion Udalari, eta ordutik pausoz pauso aurrera ari dira, herriari tresna hori eman nahian.
Desfibrilagailua erabili ahal izateko zortzi orduko ikastaroa egitea beharrezkoa zen oraintsu arte. Legedia aldatu, eta orain ez da halakorik behar, baina Aizarnazabalen egin egingo dute. Hala ere, behar izanez gero saio teorikorik jaso ez dutenek ere erabili ahal izango dute tramankulua. Izan ere, «erraza eta segurua» da, Zamakolaren esanetan.
Aizpea Manterola alkatea ere gustura da ekimenarekin: «Oso interesgarria iruditu zaigu, eta asko eskertzen dugu Asier Zamakolak egindako guztia. Oso ondo azaldu digu zer eskaintzen duen desfibrilagailuak, eta jada hainbat aukera aztertzen ari gara».
Herritarren eskura egon behar du tresnak. Horregatik, toki publiko batean jartzea da asmoa, udaletxe azpiko arkupeetan edo Lauburu eraikinaren atarian. Izan ere, bigarren hori bideoz zaindutako gunea da: «Desfibrilagailua jarri izan duten tokietan inoiz arazorik ez dutela izan esan digute. Gainera, segurua da eta ez du deskargarik ematen uzten beharrezkoa ez bada». Hala ere, «norbaitek puskatu edo lapurtu lezake», eta hori kontuan izanda hartu nahi dute erabakia.
Herritarren «erantzun ona»
Merkatuan dauden marka eta modeloak ere aztertzen ari dira egunotan, baina Zamakolari iritzia eskatuko diotela azaldu du Manterolak azken erabakia hartu aurretik. Dena dela, 2011ko udal aurrekontuen baitan jada onartu dute 2.000 euroko diru partida gai honen gastuetarako.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek oraindik horretarako aukera zabalik dutela jakinarazi du Manterolak, otsailaren erdira arte. Zentzu horretan, herritarren jarrerarekin pozik azaldu da: «Herritarrak erantzun ona ematen ari dira,. Dagoeneko hamar lagunek eman dute izena». Manterolak berak ere jasoko ditu eskolak.
Ikastaroa herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki «herrian ordu gehien pasatzen dituztenei». Hau da, tabernariei, udaletxeko langileei eta botikariari komeni zaie gehienbat ikastaroa jasotzea, norbaitek bihotzekoa izanez gero laguntza emateko
aukera gehien haiek izango luketelako. Antolatzaileen ustez,
ikastaroa jasotzen duenak seguruago egingo dio aurre bat-batean suertatutako egoera horri. Dena dela, desfibrilagailua «edonork» erabiltzeko modukoa dela adierazi dute, «sinplea eta segurua» baita.
Txostenak jasotzen duenez, desfibrilagailuak bi botoi bakarrik ditu, eta makinatik ahots batek esaten du zer egin momentu bakoitzean. Gaixo dagoen pertsonak ez badu deskargarik behar, gainera, tramankuluak ez du ematen uzten. Alderantziz, berak jakinarazten du noiz eman behar den deskarga. Erritmoa neurtzen du eta fibrilazioa nabaritzen badu, orduan kargatu egiten da eta esan egiten du zer egin. Desfibrilagailua erabiltzen ikasteaz gain, bihotz-birika bizkorketa nola egin ere irakatsiko die Zamakolak herritarrei. Izan ere, bihotzekoa izan duenari laguntza egokia emateko hainbat pauso jarraitu behar da, eta horiek guztiak azalduko ditu erizainak.
Asier Zamakola, anbulantzietako erizaina
“Errazak eta seguruak direlako ari dira jartzen toki orotan desfibrilagailuak”
Larrialdi zerbitzuetan egiten du lan Asier Zamakolak (Ermua, 1970). Anbulantzietako erizaina da eta larrialdietako koordinazio zentroan ere egoten da, larrialdietako telefonoko deiak jasotzen, zerbitzuak bideratzen eta argibideak ematen. Horretaz gain, Gurutze Gorriko monitore ere bada, eta desfibrilagailua erabiltzen ikasteko eskolak ematen ditu, esaterako, enpresatan.
Desfibrilagailuak herritarren eskura egotea garrantzitsua iruditu zitzaizulako txosten bat aurkeztu zenion Udalari.
Bai. Izan ere, bihotzekoak ematen digunean, gehienetan bihotza ez da bat-batean gelditzen. Gehienetan aurrena fibrilazio momentu bat egoten da. Bihotzak halako erritmo kaotiko bat sortzea da fibrilazioa, eta hori sendatzeko desfibrilazioa egin behar da. Deskarga elektriko txiki bat da desfibrilazioa, neurtua. Bihotza momentu txiki-txiki batean gelditzen da desfibrilazioarekin, berriz ere taupadak sinkronizatzeko asmoarekin. Askotan ez da lortzen, baina batzuetan bai. Arazoa da fibrilazio egoera hasten denetik minutu bakoitzeko horri buelta emateko aukerak %10 jaisten direla. Horrek esan nahi du, 10 minuturen ondoren gehienetan ez dagoela ezer egiteko aukerarik.
Eta txostenean jasotzen duzunez, Aizarnazabalen kasuan kanpoko laguntza ez litzateke hamar minutu baino lehen iritsiko, ezta?
Hori da. Hemen desfibrilagailua badago anbulatorioan, baina bere ordutegia 08:00etatik 11:00etara edo 11:30era da, ez dago besterik. Ordu tarte horretan badago desfibrilagailua erabiltzea, baina hortik kanpora, gainerako egun osoan zehar, gauetan, jaiegunetan etab., ez daukagu ezer. Hurbilena Zumaiako anbulantziak du, eta norbaitek deitu, zerbitzua martxan jarri eta honaino iristerako, derrigorrez hamar minutu horiek pasatuta daude. Anbulantzia hori etorri eta posible da oraindik fibrilazio egoerak jarraitzea, baina horri buelta emateko aukerak oso txikiak dira. Alderantziz, kanpo desfibrilagailuak errazak eta seguruak direlako ari dira jartzen toki orotan.
Desfibrilagailu bat eskura edukiz gero, bizitzak salba litezke, beraz?
Desfibrilagailua garaiz erabilita heriotza tasa %70etik %60ra jaisten dugu. Bihotzekoa izan dutenen %10-20 gehiagok bizirautea lortzen da, eta hori garrantzitsua da.
Udalari egindako proposamenak desfibrilagailua herrirako erostea eta bihotzekoa izan duenari laguntzeko ikastaroa antolatzea biltzen ditu.
Herrian hutsune hori ikusten nuen; hemen zerbait gertatuz gero inor ez litzatekela egongo desfibrilagailuarekin, eta horregatik txostena prestatu nuen desfibrilazioa zer den, pausoak nola ematen diren… esplikatuz. Udalean harrera oso ona izan zuen; lehenengo momentutik interesgarritzat hartu zuten, gero txostena sakontzera joan nintzen, eta ordutik aurreruntz goaz. Nik proposamena egin nionean Udalari, oraindik aurreko legea zegoen indarrean, eta zortzi orduko ikastaro hori egin egin beharko genuela esan nien. Tarte horretan lege berria atera da, ez da beharrezkoa ikastaroa, baina guk ez dugu gehiegi aldatuko gure asmoa. Ikastaroa mantendu egingo dugu. Izan ere, jendeak ez badaki oinarrizko bihotz-birika bizkorketa egiten, desfibrilagailua ere ez du jakingo noiz erabili behar duen, eta ikastaroa eginda seguruago sentituko da jendea laguntza ematerakoan ere.
Ikastaroa nolakoa izango da?
Aurrena bilera bat egingo dugu, zortzi ordu horiek nola banatu erabakitzeko. Nik bizpahiru egunean egitea ikusten dut egokien, gehiegi luzatuz gauzak galdu egiten direlako. Baina oraindik ez dugu datarik zehaztu. Parte hartuko duen jende kopurua zehaztutakoan ikusiko dugu bilera eta ikastaroa noiz egin. Izena emateko epea irekita dago herritar guztientzat nahiz kanpokoentzat, interesa duten guztientzat, alegia, eta jendea parte hartzera animatu nahi dut. Gauza erraza da, ez dauka inongo zailtasunik, eta egoera horretan egonez gero, gauzak asko errazten ditu.
Gauzak errazteak ez du esan nahi gaixoaren bizia salbatzen denik, ezta?
Ez, jende gehiena hil egiten da, eta hori argi utzi behar zaie herritarrei. Baina laguntza ematen saiatzen zarenean, zerbait egiten ari zarela sentitzen duzu, «nik behintzat ahal izan dudana egin dut», esaten duzu. Eta alderantziz, norbait hor hiltzen ari bada, eta zuk ez baduzu ezer egin… Uste dut lagungarria dela oinarrizko erreminta batzuk edukitzea, behintzat zerbait egiten hasteko.
Non kokatuko duzue desfibrilagailua?
Txostena aurkeztu nuenean, desfibrilagailua toki erraz batean jartzea proposatu nuen, jendea ibiltzen den lekuren batean, eskura, ikusgai. Beraz, ez urrun eta giltzapean. Udaletxeko arkupea, esaterako, toki aproposa izango litzateke, eta inguruko jendeari, makina gehien erabil zezakeen jendeari, ikastaroa ematea; botikariari, tabernakoei, Udaleko langileei…
Aizarnazabalen zure proposamenak harrera ona izan duenez, pentsatu al duzu antzeko beste herri batzuetara zabaltzea aukera hau?
Oraindik ez dut halakorik planteatu. Herrirako zerbait izan da hau, doan egingo dudana. Baina egia da jendeak esan didala ea zergatik ez dudan hau beste herri edo auzo batzuetara irekitzen, eta buruhausteak izan ditut horrekin. Ez dut aukera hori baztertzen, aurrerago egin nezake.
Kanpo desfibrilagailurik jarri al dute beste herriren batean?
Nik ez dut beste kasurik ezagutzen hemen inguruan. Orain gutxi kontu hauetan dabilen Bartzelonako (Herrialde Katalanak) batek esan zidan Gironako Diputazioak orokortu egin duela desfibrilazioaren erabilera, eta herri guztietan jarriko duela. 500 makina inguru erosi omen dituzte. Hemen, enpresatan, esaterako, gero eta gehiago jartzen dituzte. Anbulatorio guztietan ere jarri ditu Osakidetzak, eta anbulantziek ere ia-ia guztiek dute. Orokortzen ari da erabilera, baina herri baten barruan, herritarrentzako eskura dagoen zerbitzurik ez dut beste inon ikusi.
Definizioak
- Bihotz-birika geldiketa. Bat-bateko zirkulazio eta arnasketaren ustekabeko geldiketa, berehalako heriotza dakarrena.
- Fibrilazio bentrikularra. Normalean bihotzaren muskulu nagusia osatzen duten ehun guztiak era koordinatuan uzkurtzen dira, odola gorputzaren atal guztietara banatuz. Fibrilazio bentrikularrean, berriz, uzkurdura partzialak eta deskoordinatuak sortzen dira, benetako taupada lortzea eta odola bihotzetik ateratzea eragotziz.
- Kanpo Desfibrilagailu Erdiautomatikoa. Deskarga elektriko ezagunak eta neurtuak ematen dituzten aparatu eramangarriak. Fibrilazio bentrikularrean dagoen bihotza bere onera ekartzeko erabiltzen dira.
Laguntza, pausoka
- Arnasbidea ireki. Pertsona batek kordea galtzen duen momentuan, egin beharreko lehenengo gauza arnasbidea irekitzea da. Burua atzera botaz lortzen da hori.
- 112ra deitu. Korderik gabe jarraitzen badu, larrialde zerbitzuetara deitu eta gertatutakoa kontatu behar da. Handik bideratuko dute egin beharrekoa.
- Bizkorketa. Oinarrizko bihotz-birika bizkorketa egitea. 112ko langileen pausoak jarraitzea da.
- Desfibrilazioa. Makinak berak emandako aginduak jarraitu behar dira anbulantzia iritsi bitartean.
Zenbakitan
- 400. Urtero 400 lagunek jasaten dute bihotz-birika geldiketa Euskal Autonomia Erkidegoan.
- %60. Gaixotasun kardiobaskularrek sorturiko bat-bateko heriotzen %60 ospitaletik kanpo gertatzen dira.
- %10. Ikerketa askok baieztatu dute bat-bateko heriotza ematen denean (edo bihotz-birika gelditzea), bizirik segitzeko probabilitatea %10 jaisten dela pasatzen den minutu bakoitzeko.
- %88,8. Pertsona kaltetua norbaitekin zegoen kasuen %88,8tan. Beraz, Zamakolaren ustez «lekukoen eginkizuna oso garrantzitsua dela argi dago, batez ere lehen 5-10 minututan, denbora horietan laguntza profesionala iristea oso zaila baita». Lekukoek egoki lagunduko balute, heriotzak jaitsi egingo liratezkeela uste du.
*Datu batzuk Osakidetzako Larrualdi Zerbitzuetako Karlos Ibarguren medikuak jaso eta ikertu ditu; beste batzuk Zamakolak bere txostenean jaso ditu.