Iraitz Gesalaga Tximas-en kontrako euroagindua salatzeko manifestazioa antolatu dute gaurko, zortzietan, Zarauzko Musika Plazatik abiatuta.
Tximas-en aurkako euroagindua onartu dute. Hori dela eta, zarauztarra Espainiaratzea erabaki du Pauko (Frantzia) epaitegiak. Pasa den asteartean izan zen euroaginduaren inguruko bista, eta astebete pasata eman dute erabakiaren berri. Gesalagak preso jarraituko du Espainiak epaia eman bitartean.
Horren harira, defentsako abokatuak helegitea jarriko du erabakiaren aurka. Amaia Rekarte abokatuak jakinarazi duenez, epaia eman aurretik, euroaginduaren prozedura ez onartzeko eskatu zion Pauko epaileari. «Gure aburuz, prozedura ilegal batean oinarritzen da euroagindua» nabarmendu du Rekartek.
Abokatuaren arabera, Espainiako epaileak «ez du eskubiderik» prozedura hori irekitzeko: «Gure iritziz prozedura Frantziako epailearen eskumena da, eta ez dugu frogarik Frantziako epaileak Espainiakoari prozedura hori iragartzeko baimenik eman dion ala ez». Horren harira aurkeztuko du defentsako abokatuak helegitea.
Bestalde, abokatuak ez du “argi” atxiloketaren unean jasotako arrazoiak eta euroagindua ezartzerakoan aipatutakoak bat egiten duten: «Euroaginduaren baitan leporatzen zaizkion gertakariak jadanik atxiloketaren oinarrian zirela jakin genuen».
Ildo horretatik, Rekartek Pauko epaileari Pariskoari atxiloketaren eta euroaginduaren oinarrian gertakari berak ziren ala ez galdegiteko eskatu dio.
Euroagindua iragarri eta hiru hilabete ingurura jakinaraziko du Espainiak epaia. Bitartean, Gesalaga Toulouseko (Frantzia) espetxean izango da atxilo.
Libre baldintzapean
Gesalagarekin batera, Aiala Zaldibar ere Espainiratzea adostu du epaitegiak. Libre utzi dute baldintzapean, eta familiarekin eta hego Euskal Herriko lagunekin egoteko zuen debekua altxatu egin diote. Zaldibar urtarrilaren 18an atzeman zuen Frantziako Poliziak Baionan, Ekin taldekoa delakoan bere kontrako euroagindua zela medio. Atxilotu zuten egunean bertan, arratsaldean, libre utzi zuten.
Gesalaga, berriz, urtarrilaren 11ean atxilotu zuten Ziburun (Lapurdi), ETAko informatika arduraduna izatea leporatuta eta FARCi irizpide informatikoak helarazi izana egotzita. Ordutik, espetxean da Gesalaga. Egun berean, haren bikotekide Itxaso Urtiaga atzeman zuten Zarautzen. Espainiako Auzitegi Nazionalak utzi zuen, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta lau egun eduki ostean. Denbora horretan tratu txar psikologikoa jaso duela salatu zuen Urtiagak. Horren aurrean, eta Tximasen kontrako euroagindua dela medio, mobilizazio ugari egin dituzte zarauztarrek.