Fiskalak Bruño ahizpentzat 5 urteko kartzela zigor eskaera berretsi du

Urola Kostako Hitza 2011ko otsailaren 2a

«30 urte mehatxatuta» pasa ondoren, «ETAren biktimak» izan direla azaldu zuen atzo Blanca Rosa Bruñok epailearen aurrean. Gainera, pasatzen ari direna «sinestezina» egiten ari zaiela eta «injustua eta umiliagarria dela» ere salatu zuten epailearen aurrean. Izan ere, atzo goizean abiatu zuten Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño ahizpa oriotarren aurkako epaiketa. Usurbilgo Andres Bruño e Hijos S.L enpresako bi arduradunei ETAri borondatez 6.000 euro ordaindu izana leporatu diete. Hori hala, egozten dizkieten karguengatik bost urteko kartzela zigorra eta 27.000 euroko isuna eskatu du kasuaz arduratzen den Vicente Gonzalez Mota fiskalak Maria Isabel eta Blanca Rosa Bruño ahizpentzat. «Biktimak izan gara» Bruño ahizpak 2008ko ekainean atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta borondatez ETAri 6.000 euro ordaindu izana leporatu zieten. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohi Baltasar Garzonek zuzendu zuen operazioa, eta hark azaldu zuenez, ETAko kide batzuei atzemandako eskutitz batean agertzen da Bruño ahizpen izena, eta ETAk «eskerrak» ematen dizkie egindako diru ekarpenagatik. Ondorioz, Gonzalez Mota fiskalak dio Bruño ahizpek borondatez ordaindu ziotela diru kopuru hori erakunde armatuari. «Bruño ahizpek 2003ean ETAren gutun bat jaso zuten 12.000 euro eskatuz, eta hauek talde armatuari gutun bat bidali zioten kantitatea gutxitzeko eskatuz». ETAk proposamena onartu eta 6.000 euro ordaindu zituztela adierazi zuen fiskalak. Bruño ahizpek hori egin izana ukatu dute epailearen aurrean, eta estortsioa pairatu zutela salatu. «30 urte mehatxatuta egon gara, eta eskatzen zigutena eman badiegu ez da borondatez izan. Nolanahi ere, biktimak izan gara», adierazi du Blanca Bruñok epailearen aurrean. «Gogorra da bizitzea tokatu zaiguna. Estortsioa egin digute, eta kartzelara sartu gaituzte, gainera». Epaiketan azaldu zutenez, Bruño ahizpek 1980an jaso zuten ETAren lehen gutuna, eta 2003 eta 2006an azkenak, baina ETAren eskertza gutunik sekula ez dutela jaso adierazi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide