Skasti taldeak estreinako lana argitaratu berri du eta datorren larunbatean zuzenean aurkeztuko du herrian bertan, Putzuzulo gaztetxean; Marasma egitasmoaren baitako Armiarmaren Gaua festan joko dute, hain zuzen ere. Ekitaldia «amaraunean erori eta elkarrekin kateatzeko gau goxo bezain basatia» izango dela iragarri dute antolatzaileek; besteak beste, «joko, sorpresa eta gaixtokeriak» izango baitira. Gainera, DJ Xiximarasma arduratuko da musikaz goizeko ordu txikiak bitartean. Aurretik, ordea, Skastiren txanda izango da.
Taldeak Euskal Herriko makina bat taulatan zabaldu du bere musika, eta aspalditik zuten zuzenekoetan eskaintzen dutena maketa batean jasotzeko gogoa. Guztira, zazpi abestiz osatuta dago lan berria: 2008ko Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde auzoko jaietarako egindako Skapa ereserkia, Jamaika, Berriya ber 3, Izotzezko gizona, Zergatik lauso, Latinoamerikanos eta Rude Boy. Zazpi gehi bat dira, zehatzago esateko. Izan ere, azken abestia bukatu ondoren, 30 segundora, abesti sorpresa gehitu dute: Berriya ber 3 abestiaren erremixa edo bestelako bertsioa.
Grabaketa prozesu guztiaren ardura taldeak berak hartu du bere gain. Zarauzko Abendañoko industrialdean duten entsegu lokala ordenagailuz eta mikrofono bereziz egokitu, eta beraien kabuz grabatu zituzten abesti guztiak. Maiatza eta abuztua bitartean izan zen hori; ondoren, nahasketak eta masterizazio lanak egiteko, Mattin Epelderen laguntza izan dute. Maketa jada eskuan, joan den asteburuan jarri zuten salgai Eguzki tabernan, lau eurotan.