AzkoitiaH Haitiren aldeko taldeak amaitu du bere ibilbidea. Iazko urte osoan zehar, herrian 12 ekitaldi egin zituen taldeak, lortutako “diru guztia” herrialde horretara bidaltzeko asmoz. Elkarteak urtebeteko ekintza horien guztien balorazioa egin du orain, eta egindako lanarekin eta herrian izandako harrerarekin “gustura eta harro” daudela adierazi dute.
Helburu ekonomikoak ez ezik, “herritarren parte-hartzea sustatzea” zutela helburu jakinarazi dute. Hori hala, helburua “lortu” dutela diote. “Jaialdi edo ekitaldi guztiak kontutan hartuta, 4.700 pertsona inguru ibili dira programa honetan. 525 lagunek parte hartze aktiboa izan dute, eta beste guztiak ikus-entzule edota diru-emaile bezala aritu dira”, adierazi du Romualdo Larrañaga AzkoitiaH elkarteko kideak. Joan zen urteko maiatzean antolatu zuten lehenengo ekimena, eta ordutik bertso saioak, jolasak, maratoi herrikoia, kontzertuak edota pilota saioak egin dituzte herrian. Ekintza guzti horietatik 8.348 euro bildu ditu elkarteak; “emaitza bikaina izan da. Batetik, diru kopuru polita lortu dugu, baina are garrantzitsuagoa da borondate hutsez jarri duten ahalegina”, diote kideek. Diru kopuru hori Elizbarrutiko misio ordezkaritzari eta Salesiar Misioetara bidali dute, ondoren, “Haitiko pobreenei” laguntzeko.
Azkoitiko talde edota elkarteen laguntza izan dute ekintzak aurrera eramateko, eta AzkoitiaH taldearekin batera, Parrokiko Sozial taldea, Gazteak eta Garapena taldea eta Udaleko Kultura Sailak antolatu ditu ekintzak. AzkoitiaH taldeak eskerrak eman nahi izan die “ekintzetan parte hartu duten herritarrei eta antolatzen lagundu dieten taldeei”.