ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk herritarren erantzun zabala jaso zuten atzo, pentsioen erreformaren kontrako greba orokorrean.
Orion piketeak kalean ibili baziren ere denda eta taberna gehienak itxita izan ziren protestari babesa emanez eta kaleetan isiltasuna izan zen nagusi. Izan zen goizean goiz ireki zuen dendarik baita piketeen informazioa jasotakoan lanari uztea erabaki zuenik ere. Udaletxean eta ikastetxeetan ere bat egin zuten grebarekin: kiroldegia eta kultur etxea, ordea, irekita izan ziren.
Aian, udaletxean norberaren esku utzi zuten greba egin ala ez erabakitzea, beraz, batzuk jendearen arretarako lanean izan ziren. Haur eskolak gutxieneko zerbitzua eskaini zuen eta pare bat haur baino ez ziren egon zaintzaile batekin. Jatetxe eta taberna gehienak irekita izan ziren, baina oro har isiltasuna nagusitu zen herrian.