Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Kostako «gehiengo zabalak» egin du bat Espainiako Gobernuak egin nahi duen Pentsio Erreformaren kontra ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek atzorako deitu zuten greba orokorrarekin. «Azken urteetako grebek ez dute izan gaurkoa bezalako babesa», adierazi zuen LABeko kide Patxi Alzibarrek. Hala, protestaren balorazio «positiboa» egin zuen. Euskal gehiengo sindikalak deituta, Euskal Herrian herritarrek grebarekin bat egiten zuten bitartean, Madrilen Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek Pentsioen Erreformaren inguruko aurreakordioa lortu zuten atzo goizaldean, eta horren gainean eztabaidan ziharduten arratsaldean. Lehen berrien arabera, Pentsioen Erreforma indarrean jartzen dutenetik langileek 38 urte terdi kotizatu beharko dituzte 65 urterekin erretiratu eta erretiro-pentsioaren %100 jaso ahal izateko. Bestalde, kotizazio oinarria kalkulatzeko lan bizialdiko azken 25 urte hartuko dituzte kontutan, gaur egungo 15 urteren aurrean, eta aurre erretiroa hartzeko adina 61 urtetik 63 urtera igoko dutela ere adierazi zuten. Balorazio «positiboa» Pentsioen Erreformaren aurrean euskal gehiengo sindikalak indarrak batu eta herritarren nahigabea adierazi zuen atzo. Eguneko lehen orduetatik nabarmena izan zen grebaren eragina eskualde osoan. Herritar askok euren borondatez itxi zituzten saltoki, establezimendu edo enpresak; hala ere, piketeak goizean goizetik ibili ziren irekita zeuden saltoki eta enpresak itxi nahian, hainbat herritako kale eta industriaguneetan. Donostiako manifestazioarekin bat egiteaz gain, gehiengo sindikalak herriz [...]
Urola Kostako «gehiengo zabalak» egin du bat Espainiako Gobernuak egin nahi duen Pentsio Erreformaren kontra ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek atzorako deitu zuten greba orokorrarekin. «Azken urteetako grebek ez dute izan gaurkoa bezalako babesa», adierazi zuen LABeko kide Patxi Alzibarrek. Hala, protestaren balorazio «positiboa» egin zuen.
Euskal gehiengo sindikalak deituta, Euskal Herrian herritarrek grebarekin bat egiten zuten bitartean, Madrilen Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek Pentsioen Erreformaren inguruko aurreakordioa lortu zuten atzo goizaldean, eta horren gainean eztabaidan ziharduten arratsaldean.
Lehen berrien arabera, Pentsioen Erreforma indarrean jartzen dutenetik langileek 38 urte terdi kotizatu beharko dituzte 65 urterekin erretiratu eta erretiro-pentsioaren %100 jaso ahal izateko. Bestalde, kotizazio oinarria kalkulatzeko lan bizialdiko azken 25 urte hartuko dituzte kontutan, gaur egungo 15 urteren aurrean, eta aurre erretiroa hartzeko adina 61 urtetik 63 urtera igoko dutela ere adierazi zuten.
Balorazio «positiboa»
Pentsioen Erreformaren aurrean euskal gehiengo sindikalak indarrak batu eta herritarren nahigabea adierazi zuen atzo. Eguneko lehen orduetatik nabarmena izan zen grebaren eragina eskualde osoan. Herritar askok euren borondatez itxi zituzten saltoki, establezimendu edo enpresak; hala ere, piketeak goizean goizetik ibili ziren irekita zeuden saltoki eta enpresak itxi nahian, hainbat herritako kale eta industriaguneetan. Donostiako manifestazioarekin bat egiteaz gain, gehiengo sindikalak herriz herri antolatu zituen mobilizaioetan ere parte hartu zuten herritarrek.
Eskualdeko enpresa «handienak» (sindikatuko kideen arabera, 30 langiletik gorako enpresak) «gehienak gelditu» egin ziren; horien artean, Zarauzko Bombas Itur, Engranajes Juaristi, Plasticos Urteta, Elesa, Reineta eta Zulaika; Azpeitiako Biele, Glual, Grumal, Sarralle, Azcue y CIA, Cidemco eta Domusa, Altuna y Uria, Azkune, Astigarraga Kit Line, Marmoles Aztiria enpresak, Zestoako TS Fundiciones edota Zumaiako Balentziaga. Dena dela, Sidenor eta Corrugados enpresek grebarekin bat egin ez izana «tamalgarritzat» jo dute sindikatuetako ordezkariek
ELAko kide Zigor Gazpiok jakinarazi zuenez, 05:30etatik 06:00etara Zarauzko Abendañoko industriagunean izan zen pikete informatiboa. «Ez da ia autoen joan-etorririk izan. Ez zen arimarik Abendañon», azaldu zuen. 08:45etan, berriz, Eroski saltoki handian bildu zen piketea. Ez zen gorabeherarik egon, ordea. Izan ere, saltokia itxita mantendu zuten. «Lehenengo aldiz Eroski itxita aurkitu dugu. Hartu nahi diren neurriak gogorrak direla erakusten du horrek», nabarmendu zuen Alzibarrek.
Bestalde, Azpeitian 05:30ean kiroldegi aurrean elkartu ziren ordezkari sindikalak, pikete informatiboak osatu eta industria poligonoetara zuzendu ziren. ELAko ordezkari Ramon Irazuk hala azaldu zuen: «Greba deialdi honetan nabarmena izan da Ertzaintzaren presentzia. Piketeak deituta zeuden guneetan ertzaintzaren zaintza furgonetak izan dira gu iristerako. Greba eguna baino lehen sindikatuei ohartarazi ziguten piketeen mugak zein diren eta egunean zehar gainean izan dugu Ertzaintza».
Zarautzen 09:30etan eta Azpeitian 09:00etan herritar ugarik langileen eskubideen alde antolatutako manifestazioan parte hartu zuten. Herriguneko kaleetan zehar ibili ziren, Banketxeak lapurrak, Eskirolak kanpora eta Hemen bizi, hemen erabaki bezalako aldarriak egiten. Irekita aurkitu zituzten establezimenduak eta banketxeak itxiarazi zituzten.
Protestan ari zirenen artean kexak ere izan ziren. «Ez zegoen emakumerik pankarta eramaten. Pentsioen erreformak emakumeei ere eragiten die», adierazi zuen manifestari batek Zarautzen.
Iritzi kontrajarriak
Eusko Jaurlaritzak eta Adegi gipuzkoako Enpresarien Elkarteak grebak herritarren artean izan zuen jarraipenaren inguruan euskal gehiengo sindikalaren iritzi kontrajarria izan zuen atzo.
Alde batetik, Eusko Jaurlaritzatik adierazi zuten «normaltasuna» izan zela nagusi atzo egunean zehar, eta jarraipena desberdina izan zela lurraldeen arabera. Jaurlaritzako ordezkarien esanetan, greba orokorrak «Gipuzkoan eta, industrian, metalaren sektorean» izan zuen jarraipen handiena. Greba egunerako prestatu ziren zerbitzu minimoak aurreikusi bezala bete zirela adierazi zuten, gainera. Bestalde, Patxi Lopez lehendakariak Espainiako Tele 5 katean grebaren inguruan adierazpenak egin eta urte eta erdian euskal gehiengo sindikalak deitzen duen hirugarren greba orokorra zela atzokoa gogorarazi zuen. Horretaz gain, lehendakariaren esanetan, une honetan greba deitu izana sindikatuen «arduragabekeria» izan da.
Adegiren esanetan, berriz, Gipuzkoan langileen %28ek egin zuten bat grebarekin, eta salatu zuen Gipuzkoako udalerri batean 70 laguneko pikete batek kalte larriak eragin zituela enpresa bateko makinarian eta produkzioa geratu egin behar izan zutela.
Greba eztabaidagai Udalean
Zarauzko Udaleko zinegotziek eztabaidatu zuten herenegungo udalbatzarrean gehiengo sindikalak deitutako prentsio erreformaren aurkako greba orokorraren inguruan. PPko bozeramaile Rafa Olaizolak, esaterako, kezka agertu zuen egun horretarako antolatutako mobilizazioen aurrean: «Nire kezka da ELA eta LAB sindikatuetako kideek langileak errespetatuko dituzten. Aurreko grebetan ikusi izan dugu nola ostalariek eta dendariek jasan duten manifestatzaileen jazarpena. Espero dut haiek hainbeste defendatzen duten demokraziaz jokatzea».
Bat egin zuen PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak Olaizolarekin. «Mobilizazioak bortitzak izan ohi dira, eta badakigu nortzuk deitzen dituzten. Betikoak dira grebarekin bat egiten dutenak, ahulen aurka indarrez jotzen duten horiek dira, alegia», gehitu zuen zinegotziak.
Bestalde, EAJ-PNVko bozeramaile Imanol Lasak pentsio sistema mantendu egin behar dela nabarmendu zuen: «Ez gaude erreformaren alde». «Krisia dela-eta, neurriak hartu behar dira, baina erretiro adina 67 urtera luzatzea gehiegizkoa da. Gehien behar duenak babesa behar du». Horren harira, EB-Aralar koalizioko bozeramaile Andoni Ibargurenek erreforma ez dela «beharrezkoa» nabarmendu zuen: «Sistema egonkortzeko balioko duela dio Espainiako Gobernuak, baina pentsioak murriztea ekarriko du horrek. Badira beste irtenbideak, oinarrizko soldata igotzea, ezkutuko ekonomian lanean diharduten langileek kotizatzen hastea, edota emakumeen eta gizonezkoen soldata berdintzea, esaterako».
Koalizioak erretiro adina 67 urtera luzatzearen aurkako mozioa aurkeztu zion herenegun Udalbatzari, Udalak erreforma ez duela onartzen adostu zezan. Mozioa bertan behera geratu zen, ordea, zinegotzi gehienen ezezko bozkarekin.
Ezker abertzalearen iritziz, Espainiako Gobernuak martxan jarri nahi duen erreformaren «helburu bakarra pentsio sistema pribatizatzea da; banketxeei negozio itzela ematea, pentsio duin bat ziurtatu nahi duenak pentsio pribatu bat egin beharko duelako». «Pentsio miserableak izan nahi ez baditugu, pribatura jo beharko dugu, baina argi eta garbi dagoenez, irtenbide hori ere gutxi batzuentzat baino ez da, jende askok eta askok ezinezkoa baitugu horrelako planik egitea». Ildo horretatik, «milaka lagun pentsio eskubiderik gabe gelditzea» ezin duela onartu adierazi du ezker abertzaleak. Aldaketa sozialak lortzeko, berriz, aldaketa politikoak «beharrezkoak» direla gehitu du: «Instituzioak aldaketaren zerbitzura jarri behar dira eta marko instituzional berria eraiki bihar dugu». Era berean, atzorako deitutako greba orokorra ez dela «amorrualdi edo kasketaldi hutsa» nabarmendu zuten ezker abertzaleko kideek: «Benetako aldaketaren alde borrokan jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde borrokan jarraitu behar dugu, herritarrak gutxi batzuen ekonomiaren meseedetan ez daitezen erabili, baizik eta ekonomia herritarraren mesedetan».