Zarauzko Kirol Patronatua Itxasmendi auzoan dagoen atletismo pistako argiztapena hobetzeko lanak burutzen ari da egunotan, hainbat erabiltzaileren iradokizunari jarraiki. Izan ere, batez ere txirrindulariek, eguna iluntzen zuenean pista erabiltzeak ekar zezakeen arriskuaz ohartarazi zuten. Obra zibilari dagozkion lanak, hau da, lurra altxatzea, hoditeria eta kableak jartzea, eta baldosa berriarekin estaltzea, duela zenbait egun bukatu ziren, eta argiztapena instalatzea besterik ez da falta. Azken lan hori bi aste baino lehen bukatzea espero da.
Iban San Martin Kirol zinegotziak eta Edu Arana Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak bertatik bertara azaldutakoaren arabera, sei metroko altuera duten hamabi aluminiozko zutoin jarriko dira argiei eusteko, pistaren perimetro osoan zehar. Aurrekontua 29.533,86 eurokoa da, eta Patronatuak hartuko du bere gain osorik. Hala ere, udal brigada da obra guztia burutzeaz antolatzen ari dena, azken fase honetan, argiak jartzerakoan, Kirol Patronatuko langileen laguntza izaten ari baldin bada ere.
Aurrekontu horren barruan daude materialaren kostua (argiak, kableak…) eta kanpotik alokatu behar diren unean-uneko zerbitzuena. “Ahalegin handia egin dugu aurrezteko eta Udal barruan dauzkagun giza-baliabideak aprobetxatzeko. Udaleko eta Patronatuko langileak egiten ari diren lan ona eskertu nahiko nuke. Baita Herrilan zinegotzi Jose Mari Agirrek erakutsitako egokiera ona, une oro lanak erraztu baitizkigu”, adierazi zuen San Martinek.
Argiztapenak tenporizadorea edukiko du, baina oraindik ez da zehaztu zein ordutegian piztuko den behin betiko. Hasiera batean, gaueko bederatziak arte egongo dira piztuta. “Hobekuntza garrantzitsua” ekarriko dute obrak, atletismo taldeak eta Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko kideek pista erabili ohi dutelako entrenamenduak egiteko, hainbat herritarrek bezala. “Dezente erabiltzen den instalazioa da, eta aurrerantzean segurtasun baldintza hobeagoetan erabili ahalko da”.
