Ohiko udalbatzarra egin zuten atzo, urtarrilaren 25ean. Alkatea eta zinegotzi guztiak udalbatzarren aretoan zirela honako gaiak jarri zituzten mahai gainean:
-
Onartzea, egoki bada, Orioko udal planeamenduko arau subsidiarioetako 8. sektoreko —Munto— exekuzio-unitatearen birpartzelazio-proiektutik eratorritako PR/3 partzelaren partaidetza indibisoa (%20,5721) besterentzea, lehiaketa publiko bidez.
Proposamen bakarra aurkeztu zen, Inmobiliaria Orio-Txoko Txiki S.L.-rena, eta salmenta prezioa 1.190.005 eurokoa. Beraz, mahai gainean proposamen bakarra egonik berari adjudikatzea erabaki zen EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin (5 guztira); Ezker Abertzale Udal Taldeko eta EBB-Aralar koalizioko Iñaki Garciaren aurkakoekin; eta EAren eta EBB-Aralarreko Iñaki Iturainen abstentzioekin.
-
Onartzea, egoki bada, Orioko Udaleko funtzionarioen eta bestelako langileen lan-baldintza onuragarriagoak.
Eszedentziei buruzko baldintzen gainean azalpen batzuk eman ondoren, aho batez onartu zen puntu hau.
-
Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren 2011ko aurrekontu orokorra eta 2011ko plantilla organikoa eta lanpostu-zerrenda.
Gastu eta sarreren berri eman zuten eta baita lanpostuetan izan diren hainbat aldaketaren berri ere. Ondoren hainbat zinegotzik hartu zuten hitza eta beraien botoa arrazoitu ondoren soilarekin onartu zuten behin behinekoz 10.472.548 euroko aurrekontua. Alde EAJk eta PSE-EEk bozkatu zuten; aurka Ezker Abertzale Udal Taldeak eta EAk; eta EBB-Aralar abstenitu egin zen. Aurrekontua Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunez egongo da jendaurrean eta alegaziorik aurkeztu ezean behin betiko onarpena emango diote aurrekontuari.
-
Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udal kanpineko taberna eta supermerkatu zerbitzuak kontzesio administratiboko erregimenean emateko kontratazioa.
Aurkeztutako proposamenetatik bakarrak bete ditu baldintzak eta aho batez erabaki zuten Maria Da Conseisao De Jesusek eta Ana Amelia De Jesus Conseisaok egitea ustiapena.
-
Onartzea, egoki bada, Baldintza Juridiko eta Ekonomiko-Administratiboen Orriak, Orioko Antilla Hondartzako 1. zenbakidun eraikinaren okupazioaren kontzesio administratiboaren kontratazioa arautuko dutenak, bertan Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuak emateko.
-
Onartzea, egoki bada, Baldintza Juridiko eta Ekonomiko-Administratiboen Orriak, Orioko Antilla Hondartzako 3. zenbakidun eraikinaren okupazioaren kontzesio administratiboaren kontratazioa arautuko dutenak, bertan Udalak baimendutako ostalaritza zerbitzuak emateko.
Bi puntuok aho batez onartu zituzten eta biak batean bozkatu zituzten gainera.
-
Onartzea, egoki bada, Orioko hileta zibilen arautegia.
-
Hildakoen alde agur edo omenaldi zibilak egiteko araudia Zarauzkoan oinarrituta egin dute eta bide batez zehaztu dituzte ekitaldi horiek egiteko tokiak: udalbatzar aretoa, kultur etxea eta frontoia edo Udalak baimendutako beste Udal aretoren bat. Arautegi berria izanik Iñaki Iturain zinegotziak araudiaren sarrera irakurri zuen gaiaren nondik norakoak azalduz eta besteak beste esanez, gaur egungo gizartean ezinbestekoa dela hildakoen aldeko hileta edo omenaldi zibilak egiteko aukera ematea. erlijiorik gabe bizitzea hautatu dutenen omenez ospakizun duin eta pertsonalak egin ahal izateko hildakoaren bizitza ikuskeraren arabera. Aho batez onartu zuten araudi hau udalbatzarrean.
-
Onartzea, egoki bada, udal ordenantza fiskalak aldatzea, hileta zibilak ospatzeko tasak erantsiz.
-
Aho batez onartu zuten hileta zibiletarako toki horiek erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasa: 35 euro.
Udalbatzarrerako gai zerrendaz gain hiru mozio ere jarri zituzten mahai gainean. Kirol portuko langile kaleratuen egoerari buruzkoa lehena, aldeko 10 botorekin eta PSE-EEko zinegotziaren aurkakoarekin onartu zena; Sahararekiko elkartasuna azalduz aurkeztutakoa hau ere aldeko 10 botorekin eta PSE-EEko zinegotziaren abstentzioarekin onartua; eta azkenik gaztetxearen aldeko aldarrikapena Ezker Abertzale Udal Taldeko, EAko eta EBB-Aralarreko zinegotzien aldeko botoekin, EAJkoen abstentzioarekin eta PSE-EEko aurkako botoarekin onartu zena.