Herri bakoitzean eta sektorez sektore greba orokorraren jarraipena desberdina izaten ari den arren, eguneko lehen orduetatik nabarmena izaten ari da eskualde osoan. Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsio erreformaren kontra deitu dute ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek eta, eskualdeari buruz oraindik balorazio osaturik egin ez duten arren, agerikoa da eragina. UROLA KOSTAKO HITZA herriz herri ibili da goizean zehar, eta enpresa, saltoki eta taberna asko itxita aurkitu ditu. Beste batzuk, berriz, zabalik dira, grebarekin bat egin gabe. Piketeak ere goizean goizetik aritu dira irekita zeuden saltoki eta enpresak itxi nahian hainbat herritan, eta Zumaian ertzainek bi lagun identifikatu dituzte 06:30ean Arroako industrigunean, partaideek HITZAri jakinarazi diotenez. Horretaz gain, sindikatuek deituta manifestazioak egin dituzte Azpeitian eta Zarautzen, esaterako.
Azpeitian eta Zarautzen 18:00etan egingo dituzte berriz manifestazioak.
Greba herriz herri (goizean):
-Aizarnazabal: Saltokiak zabalik daude, eta Zubialdeko enpresa batzuk ere martxan ari dira.
-Azkoitia: Herriko denda eta enpresa gehienak itxita daude.
-Azpeitia: Ia erabateko jarraipena du grebak herrian, Uztarria.com-ek jaso duenez. Udaletxean gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen: goizean zabor-bilketa eta kale-garbiketa egin dute, eta Udaleko Erregistro Sarrera Udaltzaingoaren bulegoan egongo da egun guztian. Igerilekua eta kiroldegia ere itxita daude. Ikastetxeei dagokienez, Ikasberri Azpeitiko Ikastola itxita dago, eta Karmelo Etxegarai eta Urola Ikastolan gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen , baita Iraurgi Ikastetxean ere bai.
-Zarautz: Ia dena itxita dago, eta herritar askok hartu du parte goizeko manifestazioan. Abendaño industrigunea hutsik dagoela adierazi dute sindikatuek. Haiek emandako datuen arabera, udaletxean eta Kiroldegian ere greba egin dute, eta ikastetxeei dagokienez La Salle, Antoniano eta Ikastola itxita daude.
-Zumaia: Erdigunean saltoki, taberna eta banketxe gehienak itxita daude. Joxe Mari Korta industrigunean ere nabaria da grebaren eragina.