Greba orokorra deitu dute biharko, urtarrilaren 27rako, LABek, ELAk, STEE-EILASek, EHNEk, HIRUk eta ESKk, Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen pentsioen erreformaren aurka. Izan ere, 67 urtera igo nahi dute erretiroa hartzeko adina.
Orion, behintzat, erantzun zabala espero da. Greba egingo dute Udaleko langileek (udaletxea, musika eskola… itxita egongo dira hortaz), ikastetxeek (Orioko Herri ikastola, Zaragueta Herri Eskola eta Maria Maestrak) eta dendari eta tabernari gehienek. Karkarak ere bat egingo du deialdiarekin eta hortaz, grebaren jarraipena besterik ez dugu egingo bihar. Okindegiek, aldiz, goizez, behintzat, irekitzeko asmoa azaldu dute. Irekita izango dira, baita ere, Karela kiroldegia eta kultur etxea.
Aian, aldiz, gehientsuenek erabakitzeko daukate grebarekin bat egingo duten ala ez: bozketa egiteko daude Udala eta beste hainbat denda, tabernari eta kafetegi. Haurreskolak eta Lardizabal eskolak itxi egingo dituzte ateak. Kultur etxeko arduradunak, aldiz, lanean aritzeko asmoa du, programatuta dauden ikastaroak eta abar errespetatze aldera.