Bihar, Kafe Torero Kultur Egitasmoaren barruan, Antton Aranburu & Bidaiari bakartiak musikaria izango da “Goraka” bere estreinako diska aurkezten gaueko 21:30etan, Euskalduna tabernan.
Hilabete honetan, greba orokorraren deialdia dela eta, aldatu egin da ohiko eguna (hileko azken ostegunean izaten da Kafe Torero normalean), egun bat aurreratuz, asteazkenera.
Antton Aranburu, Gasteizen bizi den Busturiako bakarlariak, ELKAR zigiluarekin Durangoko azokarako atera zuen “Goraka” izeneko disko hau, bere ibilbideko lehena dena hain zuzen ere. Euskaraz beti ere, nostalgia, malenkonia eta baikortasuna transmititzen dituzte abestien hitzak, folk, rock eta pop melodietan bilduta.
Bere lehen lan honetarako, ez dator gaizki lagunduta musikari bizkaitarra; Bidaiari bakartiak taldekideek laguntzen diote zuzeneko emanaldietan: Juanma Gereñu (gitarra elektrikoa), Danilo Foronda (baxua), Kepa Martinez de Albeniz (teklatuak) eta Iker Uriarte (bateria).
Oso kritika onak eta komunikabide zein entzuleen aldetik harrera bikaina jaso ditu orain artean Antton Aranbururen lan honek. Bertatik bertara dastatzeko aukera izango dute asteazken honetan Zarauzko Euskalduna Tabernara gerturatzen direnak. Ohi bezala, saioa iluntzeko 21:30etan hasiko da era sarrera doakoa izango da.