Zarauzko Kirol Patronatuak 2010eko herriko kirolari aipagarrienak omenduko ditu ostiralean Kirolaren Galan. Ekitaldia Antoniano ikastetxeko areto nagusian izango da, 19:00etan, eta bertan elkartuko dira aurtengo sarituak, kirol elkarteetako ordezkariak eta Udaleko ordezkariek. Ohi bezala, bakarkako zein taldekako sariak banatuko dituzte, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan; betiere, urtean zehar izandako lorpenak kontuan hartuta. Herriko kirol taldeek ez ezik, hala nahi izan duten herritar guztiek izan dute hautagaiak izendatzeko aukera. Horretarako epea hilaren 10an bukatu zen, eta epaia 19an eman zuen jakitera.
Hainbat saritu
Maila indibidualean, Maialen Mujika eskubaloi jokalaria eta Pablo Cazalis igerilaria omenduko dituzte. Mujikak junior mailako Munduko Txapelketa jokatzen aritu da Hego Korean Espainiako selekzioarekin; Cazalisek, bere aldetik, urrezko bi domina eta brontzezko bat erdietsi zituen Neguko Espainiako Txapelketan, junior mailan.Taldeka, Zarauzko Triatloi Taldeko emakumezkoek eta Zarauzko Saskibaloi Taldeko senior mailako gizonezkoek jasoko dute oroigarria. Triatletak Euskadiko Txapeldun izan ziren taldeka eta Euskadiko Ligan txapeldun beteranoetan. ZASTeko jokalariek, berriz, Euskal Ligara igoera lortu zuten.
Kirol ibilbidearen saria, Karmele Makazaga eskubaloi jokalari ohiari emango diote; besteak beste, 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte, Espainiako selekzioko kapitaina izan zen eta 100 partidatik gora jokatu zituen selekzioarekin. Aurten, Zarauzko triatloiaren 25. urteurrena izango dela eta, proba abian jarri zuen Juan Treku, Juan Mari Gibelalde eta Jexux Agues hirukoari bizitza osoa boluntariotzan ari izanaren errekonozimendua egingo diote. Ohiko sariekin bukatzeko, emakumezkoen eskubaloi taldeen babesle Aiala Sukaldaritza Eskolak babesle onenaren saria jasoko diote.
Aurtengoan, gainera, Zarauzko Kirol Patronatuak bi aipamen berezi emango ditu: batetik, Jesus Rubio karatekari eta Txema Gomez korrikalariari. Karate-do borroka artean herriko aitzindari izan da Rubio, eta 28 urte luze eman ditu irakasle gisa. Gomezek, berriz, erronka berezia bete zuen iaz, Zarautz eta Getaria arteko ibilbidea korrika osatuz urteko 365 egunetan.

Errekonozimendua
Kirol Patronatuko batzordeburu Iban San Martinek saritu guztiak zoriondu nahi izan ditu, eta sari hauek herriko kirolari egiten zaion «urteko errekonozimendua» direla nabarmendu du. Era berean, «Zarautz ezagutzera eman dute sarituek. Herriaren izena harro eraman dute, eta Zarauzko enbaxadore eta ordezkaririk onenak izan dira». Horrekin batera, galaz gozatzeko deia egin die san Martinek herritar guztiei, Azken finean, «zarauztar askok egin du zerrenda honetan egoteko meritua, eta inoiz ez da erraza haien artean aukeratzea. Diren guztiak ez daude, baina segurtasun osoz esan daiteke dauden guztiak badirela».