Iñaki Kaperotxipi: “Orrazketa gutxi egiten diet bidaietako argazki lanei”

Onintza Lete Arrieta 2011ko urtarrilaren 21a

Yemenera egin du azken bidaia Gabonetan, eta berriz herrian da Iñaki Kaperotxipi (Zarautz, 1958), eguneroko lan arruntagoekin jarraitzeko. Argazkilaria da ofizioz; hemezortzi urtez herriko enpresa batean argazkigintzan aritu ondoren, bere kabuz segitzea erabaki zuen orain lau urte. Ordutik aldizkarientzat, enpresentzat eta norbanakoentzat lan eginez ateratzen du bizimodua, kamera lagun hartuta, beti ere. Eta, ahal duen guztietan, bidaiatuz. Lanagatik ez ezik, plazer hutsagatik ere bai. Hamar egun egin dituzu Yemenen, duela hiru urte eta erdi Maddi Alvarez eta Mikel Essery herritarrak atentatuan hil zituzten herrialdean. Lasai ibili al zara? Bai, baina leku seguruetara bakarrik joan naiz. Askotan egon naiz joatekotan, Esseryrekin berarekin nuen asmoa, oso laguna nuen. Beti bidaia atzeratzen ibili ginen, eta azkenean… Hango arazoa ez da konpontzen erraza, iparraldea eta hegoaldea batu, eta herrialde bakarra osatu zuten, Yemen, baina iparraldean nahiz hegoaldean tribuak daude, eta zonalde horietan oraindik lehendakariak ere ezin du sartu, lurralde komantxeak dira. Handik pasatzeko lehen ordaindu egin behar izaten zen beti, eta askotan bahiketa azkarrak egiten zituzten; eskaerak egiteko bahitu, putzu bat eskatzeko, esaterako. Gero Al Kaeda agertu zen, eta hor arazoak areagotu egin ziren; bonbekin eta tiroekin hasi ziren, eta orain leku konkretu batzuk ikus daitezke, baina hortik aurrera Yemen bisitatzeko herrialde arriskutsua da. [...]

Iñaki Kaperotxipi argazkilari zarauztarraYemenera egin du azken bidaia Gabonetan, eta berriz herrian da Iñaki Kaperotxipi (Zarautz, 1958), eguneroko lan arruntagoekin jarraitzeko. Argazkilaria da ofizioz; hemezortzi urtez herriko enpresa batean argazkigintzan aritu ondoren, bere kabuz segitzea erabaki zuen orain lau urte. Ordutik aldizkarientzat, enpresentzat eta norbanakoentzat lan eginez ateratzen du bizimodua, kamera lagun hartuta, beti ere. Eta, ahal duen guztietan, bidaiatuz. Lanagatik ez ezik, plazer hutsagatik ere bai.
Hamar egun egin dituzu Yemenen, duela hiru urte eta erdi Maddi Alvarez eta Mikel Essery herritarrak atentatuan hil zituzten herrialdean. Lasai ibili al zara?
Bai, baina leku seguruetara bakarrik joan naiz. Askotan egon naiz joatekotan, Esseryrekin berarekin nuen asmoa, oso laguna nuen. Beti bidaia atzeratzen ibili ginen, eta azkenean… Hango arazoa ez da konpontzen erraza, iparraldea eta hegoaldea batu, eta herrialde bakarra osatu zuten, Yemen, baina iparraldean nahiz hegoaldean tribuak daude, eta zonalde horietan oraindik lehendakariak ere ezin du sartu, lurralde komantxeak dira. Handik pasatzeko lehen ordaindu egin behar izaten zen beti, eta askotan bahiketa azkarrak egiten zituzten; eskaerak egiteko bahitu, putzu bat eskatzeko, esaterako. Gero Al Kaeda agertu zen, eta hor arazoak areagotu egin ziren; bonbekin eta tiroekin hasi ziren, eta orain leku konkretu batzuk ikus daitezke, baina hortik aurrera Yemen bisitatzeko herrialde arriskutsua da.
Non ibili zara, zehazki?
Aurrena Sana ikusi genuen. Oso herri polita da, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak babestutakoa: 2.000 metrora dago eta etxeak bereziak dira, garaiak eta marrazki askorekin, oso-oso politak dira. Yemengo jendea, berriz, oso interesgarria da, eta haien janzteko modua ere berezia da. Gainera, gizon guztiek erabiltzen dute yanbiya deituriko ezpata txiki bat gerrira lotuta. Ezaugarri tribala da. Beste zona batzuetan, berriz, Kalashnikov-ekin ibiltzen dira. Ikusi ditugu halakoak ere.
Yemengo irlaren batean ere izan zara, ezta?
Bai, Socotra uhartean ere egon ginen. Indiako Ozeanoaren erdi-erdian dago, Yemendik eta Somaliatik 400 kilometrora. Oso interesgarria da, landaredi zeharo desberdina baitu. Zuhaitzen kasuan, esaterako, mirra, intsentsu, arabiar goma eta drago edo herensuge zuhaitzak bezalakoak daude. Itsasoa urdin-urdina da, hondartzak izugarriak dira eta gainera, ez dago inor.
Turista moduan ibili zara. Baina lana egiteko ere aprobetxatzen dituzu honelako bidaiak, ezta?
Bai, aldizkarientzako erreportajeak egiten ditut gero, eta neure fototekan ere jartzen ditut ikusgai, erosi nahi dituenarentzat.
Argazki estilo guztien artean, zure kuttunenak erretratuak dira, ezta?
Bai, hala da, eta nire webgunean ere horixe aurkituko duzu: erretratu mordoa, jende mordoa. Pasaiak eta natura ere gustuko ditut, baina jendea da bereziena niretzat. Bidaietako argazkiez gain, gastronomiakoak eta bodegoienak ere asko gustatzen zaizkit.
Erraza al da toki bakoitzeko herritarrengandik euren argazkiak lortzea?
Beti ez naiz zuzenean argazkia ateratzera joaten. Askotan aurrena hitz egin edo komunikatu egiten naiz haiekin; eurekin eseri eta barre pixka bat egin, eta gero galdetu ea argazkirik nahi duten. Orain, digitalarekin, erakutsi egiten diet ateratakoa; pozgarria izaten da haientzat.
Bidaiatu duzun tokien zerrenda ikusita, gogokoen Asia eta Afrika dituzula esan al daiteke?
Bai. Gainera, Amerikara ez naiz batere joan. Brasilen egona naiz, baina gehiago interesatzen zaizkit lehen esandakoak. Afrikar kontinentea, gainera… Uste dut handik sortu dela guztia. Gorengo arraza txuria zela esaten zuten, baina  nik esaten dut gorengo arraza beltzena dela. Hemen kalean saltzen aritzen direnak ikusi besterik ez dago: bi metro altuerakoak, eder-ederrak… Eta begira nondik datozen. Meritu handia dute bizi diren tokietan bizitzearekin.
Afrikan bertan ere mila mundu egongo dira…
Bai. Etiopia, esaterako, oso toki polita da. Eta denetarik dago, baina hegoaldean, esaterako, badaude tribu batzuk oraindik gerra garbian ari direnak, tiroka bizi direnak. Mali eta Burkina Fasoko bizitza, berriz, bestelakoa da. Saharaz hegoaldera daude, eta bizimodua oso gogorra da: bero handia egiten du eta ia jatekorik gabe eta ur gutxirekin bizi dira. Namibia eta Botswana, berriz, beste Afrika bat da. Natura, parke nazionalak, deltak, animaliak…
Nola bidaitzen duzu halako lekuetara?
Normalean Internetetik lotzen ditut gauzak. Etiopian, esaterako, joan aurretik gidari batekin tratua egin genuen korreo elektronikoz, eta hala ibili ginen. Asko bidaiatu izan dugu formula horrekin. Ederrena hori dela iruditzen zait: hilabete osoa hartu, eta autoan gora eta behera ibiltzea.
Inoiz arazorik izan al duzue?
Bai, arazo bat eta gogorra, gainera. Behin bikoteak ezerezaren erdian berna-hezurra puskatu zuen, eta larri ibili ginen. Duela hiruzpalau urte izan zen, Papua Ginea Berrian. Uharte handia da, eta erdibituta dago. Batetik Indonesiako probintzia bat dago, eta bestetik Papua Ginea Berria. Gu Indonesiako partera joan ginen, uhartearen mendebaldera, tribu batzuk ikusteko asmoarekin; Yali eta Dani tribuak. Gizonezkoak biluzik ibiltzen dira, zakila egurrez egindako zorro batean sartuta. Haien irudia mundu osoan da ezaguna. Hango bidaia agentzia batekin tratua egin genuen, eta tribu horien zonalderantz abiatu ginen bikotea eta biok, sukaldaria, bide-erakusle bat eta zamalanak egiteko zortzi lagun. Hamabi eguneko trekking-a egin behar genuen gora eta behera. Ederki hasi ginen, gero eta barrurago, beti bustita, euria bota eta bota, eta atertu zuen egun batean, bikotea irristatu egin zen, eta berna-hezurra eta peronea puskatu zituen.
Ezerezaren erdian.
Bai, eta pentsatu genuen: Eta orain, zer? Sakeleko telefonorik ez zegoen, ez zegoen ezer. Zamalariek esku ohe edo kamilla txiki bat egin zuten nire bikotea garraiatu ahal izateko, eta handik bi egunetara lautada txiki batera iritsi ginen. Aireplanoek lur hartzeko pista txiki bat zen, hain zuzen ere, jendea handik ateratzeko erabiltzen zutena, eta irratiz eskatu genuen hegazkina. Bestela ere modu horretan bueltatzekoak ginen, baina geroago. Esperientzia gogorra izan zen, aurreneko hegazkina hartzeko bi egun pasatu baitziren, eta bosgarrenean iritsi baikinen Donostiara.
Esperientzia txarra izan arren, itzuli zineten.
Bai, baina beste aldera. Oraindik hor dugu Indonesia partekoa egiteko [irribarrez].
Urte asko daramatzazu argazkilari lanetan, hortik bizitzen modu batean edo bestean. Nola hasi zinen?
Zaletasuna medio hasi nintzen, Zarauzko Argazkizale Elkartean, 25 urte ingururekin. Bidaiak egiten hasi nintzen. Aurrena Nepalera egin nuen, orain dela urte asko. Udan Zarauzko Txanela tabernan lanean aritu nintzela gogoratzen dut, eta gero hilabete eta erdi pasa nituen Nepalen eta Indian. Horrela hasi nintzen, eta gero bizpahiru urtetik behin bidaiak egiten jarraitu nuen.
Argazkilaritzan hasi zinen lanean ere; ofizio hori hartu zenuen.
Bai, hemezortzi urte egin nituen Zarauzko Otzarreta enpresan argazkilari gisara lanean, publizitate arloan, altzarien argazkiak egiten katalogoetarako. Publizitatea, altzarien eta bodegoien argazkiak… Denetarik egin dut. Duela lau urte utzi nuen hura, eta neure kabuz ekin nion bideari. Izan ere, nire gustuko arloa bidaiena da. Asko publikatzen dut Zazpika eta Nora aldizkarietan, Euskal Herria aldizkariarekin ere egiten dut lan, eta baita National Geographic-eko bidaia sailarekin ere.
Eta orain urtean bidaia bat baino gehiago egiten duzu, ezta?
Bai. Iazko udan, esaterako, Txinan izan gara, hegoaldeko zati batean, Yunanen, baita Yangzi ibaiaren atzealdean ere. Myanmar, Thailandia, Vietnam eta Laoseko mugak daude hor, eta gero Hong Kong-en amaitu genuen. Kontrastea nahi genuen eta oso polita izan zen. Aurreko urtean Madagaskarren izan ginen, eta hura ere izugarria da. Era guztietako paisaiak eta sekulako hondartzak ditu.
Zure lanen alde teknikoari dagokionez, zein kamera eta lan tresnarekin aritzen zara?
Canon DS3 kamera erabiltzen dut. Pisua du, baina uretarako ere balio du, profesionala da. Raw sisteman gordetzen ditut argazkiak. Izan ere, JPGan, argazkia prozesatu egiten da automatikoki, eta gero horrek ez du atzera bueltarik. Raw-arekin, gero moldaketak egin arren, hasierako produktu gordin horrek hor jarraitzen du. Bestalde, nire kamerak 25 megako raw-a egiten du, eta 2.000 argazki eginez gero, toki asko behar dut hori guztia gordetzeko. JPG-an eginez gero, lau megako argazkiak izango lirateke. Horiek dira desberdintasunak.
Hortaz, tresneria asko eraman beharko duzu bidaietara, ezta?
Bai, 80 gigako bi disko gogor eramaten ditut nirekin, argazkiak egunero han deskargatzeko. Txartelak ere 16 gigakoak erabiltzen ditut, eta bi kamera. Beraz, bi motxila behar izaten ditut argazkilaritzarako bakarrik.
Photoshop zalea al zara?
Kamerak bere begiak ditu, baina nik ikusi egin dut paisaia eta kolore hori, eta ikusi dudana islatzeko ematen diot kolorea photoshoparekin, ez dut errealitatearen kolorea bestelakotzen. Gainerakoan, orrazketa edo txukunketa gutxi egiten dut bidaietako lanetan. Ezkontzen kasuan gehiago egin behar izaten da, baina hor ere eskua pixka bat sartzen dut; aldizkari batzuetan ikusten diren gehiegikerien antzik ez du.
Hurrengo bidaia erabakita al duzu?
Bai, datozen Gabonetan Etiopiara itzuliko naiz, iparraldera. Sumendia duen zonalde bat dago han. Tartean, udan ere joango naiz nonbaitera, baina pentsatu egin behar dugu; Kanputxea eta Laos aukeren artean daude.

Aurreneko aldian arazoak izan ondoren, bigarrenez izan zen Papua Ginea Berrian Iñaki Kaperotxipi. 2008an egin zuen bidaia, eta han ateratako argazkiekin ikusentzunezko saioak prestatzen ari da, aurten herriz herri han bizitako esperientzia jendeari ezagutarazteko. Erretratuak eta kolorea izango dira nagusi erakusketan, ondoko irudiek erakusten duten moduan. Han ateratakoak dira guztiak, bertakoek gerra irudikatzeko egiten dituzten ikuskizunetako batekoak: «Batzuetan benetan ari direla dirudi», esan du Iñaki Kaperotxipik, bizitako uneak gogoratuz.

Kaperotxipiren argazkiez gozatzeko edo berarekin harremanetan jartzeko, bisitatu webgune hau:
www.ikapero.com

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide