Atzo goizean ekin zioten grebari TS Fundicioneseko langileek, joan den asteko iraungipen txostena eta 30 lankideren kaleratzea eta kaleratze horien baldintzak salatzeko. Ia bi egun eman dituzte langileek eta zuzendaritzak negoziaketan eta azkenean, lortu dute kaleratze baldintza horiek hobetzea.
Enpresak lan egindako urte bakoitzagatik 20 eguneko indemnizazioa ematea erabaki zuen hasieran, eta negoziaketen ostean 40 egunera igotzea adostu dute. Bestalde, lehen gehienez ere 12 urte arteko antzinatasuna ordainduko lukete, hau da urteko 20 egun baina gehienez ere 12 urteri dagokiona. Orain, ordea, 24 urtera arte igo dute muga hori. Enpresak 40 egun horietatik 30 lehenbailehen ordainduko die langileei eta gelditzen dena, 10 egunei dagokiena, 2012ko urtarrilan. Dena den, hemendik urtebetera enpresak langileak beharko balitu, 10 egun horiek jaso gabe, lanpostua berreskuratzeko aukera izango lukete langile batzuek. Abenduko soldata extra ere lehenbailehen emango diete.
Kaleratuak ados agertu dira lortutako baldintzekin eta greba altxatzeko eskatu diete langileei, lortutakoa nahikoa dela iritzita. Greba altxatu ala ez erabakitzeko bozkaketan aldeko 150 boto, aurkako 30 eta baliogabeko 3 boto izan ziren.
TS Fundicioneseko langileak eta zuzendaritza, gelditzen diren haien baldintzak hitz egiten joango dira datozen egunetan, egutegia kasu. Bestalde, langile ordezkariek adierazi dutenez, “ez dirudi LETik izango dugunik”.