Biharko Urola Kostako Hitzaren alean Anjel Illarramendi musikari eta konposatzaile zarauztarraren inguruko elkarrizketa publikatuko da. Hona hemen aurrerapena:
«Musika artikulatu beharra dago, letra behar du zentzua izan dezan melodiak»
Duela gutxi kaleratu du Karonte argitaletxeak zure azken lana, Harri zuria izeneko Hirugarren Sinfonia, alegia. Hala ere duela urte batzuk konposatu zenuen, ezta?
Aspaldi konposatu nuen Hirugarren Sinfonia, 1988. urtean zehazki. Baina aurkeztu, 2009ko maiatzean aurkeztu genuen, Errenteriako Musikastearen baitan. Nire editoreak aurkezpena zuzenean grabatzeko proposatu zidan, gerora lana argitaratzeko. Bitxia izan zen aurkezpena; izan ere, gitarra soinua gehitu genion, eta hori ez da oso ohikoa sinfonia batean. Egia esan, primeran geratu da.
Euskadiko Orkestrak eta Errenteriako Andra Mari Abesbatzak lagundu zuten sinfonia aurkezten, Ruben Gimenoren gidaritzapean. Ahotsa, berriz, Maite Arruabarrena mezzosopranoak jarri zuen. Gitarra, berriz, Eduardo Branzano musikariak jo zuen.
Gerora, urtebetez-edo, Poloniako eta Madrilgo bi teknikarik grabazioa orrazten eta biribiltzen jardun zuten. Zuzeneko grabazioetan musika ez den beste hainbat zarata entzuten dira, entzuleen hitzak eta estulak, esaterako. Hori garbitu beharra izaten da, musika bere osotasunean garbi entzun dadin. Hori dela eta, entzunezkoa garbitu eta nahasketa egin behar izan zuten, eta horretarako urtebeteko epea izan zuten bi teknikariek. Dena prest zutenean kaleratu zuen Karonte argitaletxeak Harri zuria lana.
Nola egituratu duzu Hirugarren sinfonia?
Sinfoniak hiru momentu ditu. Lehenengo momentua Jose Antonio Artze idazlearen eta musikariaren poema ezagun baten ingurukoa da. Izugarri polita da olerkia, indar handia du. Bigarrenengo momentua eta hirugarrena, berriz, nire olerkietan oinarritzen dira.
