Odriozola: "Orain ez gara zinegotzi, baina direnak ez dute oztoporik izango lanean segitzeko"

Urola Kostako Hitza 2011ko urtarrilaren 20a

Ia 8 urteko amezgaiztoa amaitu da Miren Odriozolarentzat, Espainiako Auzitegi Nazionalak absolubitu egin baitu, Udalbiltzako bere 19 kiderekin batera. Epaileak ez du delitu zantzurik ikusi hautetsiek elkarte gisa erakundeak 1999tik egindako jardueran. Fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Azpeitiko zinegotzi ohiarentzat, Udalbiltzako izatea «erakunde terroristako kide» izatea zela iritzita. Javier Gomez Bermudez epaileak eta Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak Odriozola errugabea dela ebatzi du. Miren Odriozolak «izugarrizko poza» zuela adierazi zion Urola Kostako Hitza-ri, epaiaren berri izan eta minutu gutxira. Jendearen deien bidez jakin zuen absolbitu zutela: «Jendea deika hasi zait komunikabideetan entzun eta irakurri duelako, baina, guk oraindik ez genekien ezer, abokatuei hedabideei baino geroago iritsi zaie epaia». Absoluzioak eragindako pozaren beste aurpegia ere aipatu zuen, ordea: «Zortzi urtez jasan behar izan dugun guztia, eta zertarako izan ote den pentsatzen dut». Argi du, ordea: «Oso garbi dago politika egitea eta ideia politikoak edukitzea ez dela delitua, ez terrorismoa». Era berean zera nabarmendu zuen: «Estatuak Polizia eta haren gezurrak erabili eta erabiltzen ditu, Udalbiltza bezala, Euskal Herria eta Euskal Herriaren alde lan egin nahi dugunon aurka joateko». Bere ustez, «ez zitzaien komeniko gu espetxeratzea». Dena den, epaian argitu den bezala, ez zuten espetxeratzeko arrazoirik ez deliturik izan den zantzurik edo frogarik. Miren Odriozolarentzat garrantzitsuena «Euskal Herriak instituzio propioak edukitzea» da, lanean jarraitu ahal izateko. «Gu jada ez gara zinegotzi, baina orain direnek ez dute oztoporik izango lanean jarraitzeko», zioen. Azkenik, eskerrak eman zizkien herritar eta euskal herritar guztiei eta baita Estatuan edo nazioartean babesa erakutsi duten guztiei ere. «Absoluzio hau guztiona da, guztion artean lortu dugu», adierazi zuen Odriozolak hunkiturik. «Berri pozgarria» denentzat Herriko alderdi politiko guztiek adierazi dute «berri pozgarria» dela Udalbiltza eta auzipetuak absolbitzea. Azpeitiko alkate Julian Eizmendik adierazi du «itxaropena» bazuela. «Gai hau Jose Maria Aznarren presidentzia garaitik dator, Dena ETA da politika horretatik. Handik etorri zen alderdien legea ere, eta EAJ beti egon da politika horren aurka». Horren harira, ezker abertzaleak «hauteskundeetan parte hartzea lortzeko» desioa agertu du. «Eta normalizaziorako bide honetan guztiok eman beharreko pauso sendoak emateko itxaropena dut». Ezker abertzaleko hautetsi eta alkate ohi Iñaki Errazkinek «poz handiz» hartu du albistea: «Gure lagun eta lankide den Mirenengatik, batez ere». Dena den, «gaurko egunez oraindik atxilotuta eta inkomunikatuta dauden lagun asko» dagoela nabarmendu du; «beraz, absoluzio honekin ez da errepresioa amaitu». EAko zinegotzi Manuel Unanue ere «asko poztu» da albistearen berri izan duenean, baina honakoa adierazi du: «Egindako kalte guztia eta jasan behar izan duten sufrimendua nork eta nola ordaindu behar du?». Aralarko zinegotzi Juan Karlos Arellanok ere «gustura» hartu du albistea. «Tristeena, ordea, egoera honetara iritsi izana da, eta hainbeste sufrimendu eragin izana». Hala eta guztiz ere, «baikorrak izan behar» direla nabarmendu du:«Baikorrak izan behar dugu, honek ate asko irekiko dituela pentsatu behar dugu». Hamaika babes erakustaldi 2003ko apirilean Baltasar Garzon epailearen aginduz Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa egin zenetik gaur arte, Odriozolari babesa emateko hainbat ekintza egin da herrian, eta oro har, eskualde osoan zehar. 2005. urteko otsailean, Azpeitiko 18/98+ ekimena aurkeztu zuten, «eskubide zibil eta politikoen alde lan egiteko» asmoz. Makroprozesuaren baitan, Udalbiltza auzian auzipetuta zeudenei erantzuna eman nahi izan zion ekimenak. Urte horretan bertan, herriko 32 eragilek bat egin zuten 18/98+ Azpeitiko ekimenarekin. 2007. urtean, Fiskaltzak 10 eta 15 urteko kartzela zigorrak eskatu zituen auzipetu guztientzako. Hori hala, urte horretan Azpeitiko Udalbatzak gehiengo osoarekin Udalbiltzaren inguruko adierazpena kaleratu zuen. Adierazpen horretan, Odriozolari «elkartasuna» adierazi zioten, eta «laguntza eta babesa emateko konpromisoa» hartu zuen Udalak. Iazko ekainean, Udalak Udalbiltzaren kontrako auzibidea «irmoki» salatu zuen, eta auzipetuei babesa adierazteko mozioa onartu zuten aho batez. 1999an Euskalduna jauregian egindako batzar sortzaileko bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta «zilegi dela eta ezin dela delitutzat jo» aldarrikatu zuten, gainera. Urte horretan bertan eta azken egunetan ere, manifestazio, elkarretaratze eta herri ekimen ugari egin zituzten herritarrek, Udalbiltzako auzipetuei babesa emateko asmoz. Sentsazio «gazi-gozoa» Atzo arratsaldean auzipetuek Bilbon eman zuten prentsaurrekoan berretsi zuten Udalbiltzak egin zuen lana «zilegia eta beharrezkoa» izan zela. Auzipetuek absoluzioarekiko «poza» azaldu zuten agerraldian, baina, aldi berean «sentsazio gazi-gozoa» zutela adierazi zuten. Lehenengo momentuko balorazioa egin zuten auzipetuak izan direnek; «ia zortzi urte pasatu dira, hamahiru pertsona kartzeleratu dituzte, milaka euroko fiantzak, bidaiatzeko debekua, bi egunez behin edo astero sinatu beharra, eta are larriagoa dena, erakunde publiko baten jarduera blokeatua, bahitua, ezindua geratu dira». Auzipetuen ustez «ez litzateke pertsekuzio politiko eta atxiloketarik inoiz izan behar», eta aste honetako atxiloketen ondorioz «inkomunikaturik dauden» pertsonei eta senitartekoei eskaini diete absoluzioaren ondorengo «lehenengo gogoeta». Auzipetuek nabarmendu dute sententzia «bat datorrela» Euskal Herriak bizi duen «garai berriarekin». Sententziari dagokionez, Udalbiltzaren jarduela «terrorista ez dela argi» geratu dela adierazi dute. Halaber, Udalbiltzak egindako lana «kritikagarria, agian, baina inoiz zigorgarria» ez zela izan eta «Udalbiltza bakarra» egon zela berretsi dute. Ildo horretan, «estatuak poliziak eta epaitegiak bere helburu politikoetarako» erabiltzen duela azpimarratu nahi izan dute: «2003ko parte-hartze demokratikorako eskubidea eragotzi egin zuten». Hori hala, «kalte pertsonala» eta «Euskal Herri osoarentzako kalteak eginda» daudela adierazi dute. Kalte horiek, ez direla «sententzian aipatzen» salatu zuten agerraldian. Halaber, sententzia honek «Fiskalaren argumentazio osoa birrindu» duela nabarmendu zuten. Bai Udalbiltzari bai Euskal Herriari! herri ekimenaren balorazioa, epaiaz: BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenak, pozez gainezka hartu du Espainiarren Auzitegi Nazionalak Udalbiltza auziaren karietara gaur plazaratu duen ebazpena dela eta.FEDE GUTXI AUZITEGIETAN 2003. urtaren hasieran UDALBILTZAko kide eta langileak atxilotu eta nazio instituzioaren egoitza eta jabetzak bahitu zituztenetik ia zortzi urte bete diren honetan ezin dugu gure poza ezkutatu. Azken urteetan Espainiarren Auzitegi Nazionalak plazaratu dituen ebazpenak justiziarengandik urrun kokatu izan direla ikusita, begiak ireki arazi dizkigute eta Udalbiltza auzia amaitu bada ere ezin dugu ahaztu gaur egun oraindik proiektu guztiak gauzagarri ez diren eskenatoki batean aurkitzen dela gure herria.AUZIPERATUAK ASKE Gure besarkada eta berotasuna helarazi nahi diegu Udalbiltza auzian auziperatuta izan diren herri ordezkari eta Udalbiltzako langile guztiei.UDALBILTZA ASKE Euskal Herriko Udal eta udal hautetsien biltzarraren zilegitasuna zalantzan jarri nahi izan dute. Epaiketa honen ondorioz, Euskal Herrian eta euskal herritarrontzat zilegia izateaz gain UDALBILTZA BEHARREZKOA DELA FROGATU DA.Hau honela izanik dei egiten diegu Euskal Herriko alderdi politiko guztiei, nazio gisa antolatu eta egituratuko gaituen tresna ber-hartzera. Euskal herritarrok behar dugulako, Euskal Herriak ezinbesteko duelako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide