Orioko merkatari eta ostalariak biltzen dituen Arkupe Elkartea kezkatuta dago azken hilabetean herriko hainbat dendatan gertatu diren lapurretekin. Horren aurrean, gauetan segurtasun gehiago egon dadin bitartekoak jartzeko eta iluntzean dendak ixten dituzten garaian Udaltzaingoaren presentzia areagotzeko eskatu diote Orioko Udalari.
Gabon garaian lapurretak
Orioko Merkataritza batzordeburu Iñaki Garcia Aranbarrik bat egin du merkatarien kezka eta eskakizunekin. «Gabonetan hainbat lapurreta gertatu dira herrian. Lapurrek denda bat hustu zuten zuloa eginda, handik gutxira beste saltoki batean erakusleihoa txikitu eta bertan zeuden gizonezko jantzi guztiak eraman zituzten. Bi egun geroago hitz egin nuen azken denda horretako jabearekin eta komentatu zidan herriko beste saltoki bateko jabeak hots egin ziola bi pertsona denda inguruan bueltaka zebiltzalako, eta Ertzaintzari hots egin ziola. Hala ere, gau horretan bertan egun batzuk lehenago zuloa eginda sartu ziren dendan lapurretan egin zuten berriro ere».
Elkarbizitza «arriskuan»
Garciaren iritziz ulertzekoa da merkatariak kezkatuta izatea eta Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean egoerari konpobidea ematen ahalegindu behar dutela uste du. «Saltokietako erakusleihoek herriko kaleetako bizitza segurtasun faltak lapurrak aldentzeko gauetan eta asteburuan pertsianak botatzera bultzatzen dituzte herriko merkatariek».
Haren ustez, egoera aldatzen
ez bada, herriko kaleak «ilunak eta bizitzarik gabe» gelditu daitezke.
Horretaz gain, Garciak irizten du azken hilabetean gertatutako lapurretak «xenofobia eta arrazakeria» bultzatzen ari direla herritarren artean; «zenbaitek frogarik gabe etorkinei leporatzen dizkiete lapurretak eta horrek herriko elkarbizitza arriskuan jarri eta txartu egiten du». Hala, «ezinbestekoa» ikusten du segurtasun-gabezia egoera horri konponbidea ematea. «Ez du balio herri batean gertatzen diren delituen estatistikak kontutan hartzea alarma diagnosia egiteko. XXI mendean onartezina da herrian gauean segurtasunik ez izatea, horrek herritarren bizi kalitateari eragiten baitio».