I. Sagardo Eguna antolatu du Zurekin ostalarien elkarteak, Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean, larunbat honetarako. Egun osoko egitasmoa izango da, eta sagardo uzta berriaren harira, dastaketak, sagardotegiko menua eta barrikoteak izango dira herriko hainbat plaza eta auzotan; trikitilariek, bertsolariek eta txistulariek girotuta uneoro. “Gure herriak lotura garrantzitsua dauka txakolinarekin, baina badira beste edari batzuk, baita sagardotegiak ere. Kasu honetan, sagardoa dastatzeko ekimena prestatu dugu gure herrian”, azaldu du Turismoko batzordeburu Imanol Lasak. Bide batez, Zurekin elkartea azken hilabeteetan erakusten ari den lan egiteko eta esku artean dituzten ekimenak aurrera ateratzeko gogoa nabarmendu du: “Udan ez ezik, urtean zehar ere herria giro beharra dago eta Zurekin-ek badu hori sustatzeko grina”.
Zurekin ostalaritza elkarteko idazkari Igor Azpitartek aditzera eman duenez, Sagardo Eguna elkartetik antolatzen duten hirugarren egitasmoa da. Aurreko biak San Silbestreko zozketa eta mus txapelketa izan dira, eta herritarren parte-hartzea ona izan dela adierazi du. Larunbateko egitasmoa antolatzeko garaian, Zurekin-ek bi ardatz jorratu nahi izan du. Batetik, sagardo berriaren dastaketa egitea Zarautzen eta bestea, horren ohikoak ez diren herriko plazei eta auzoei protagonismoa ematea, halako ekitaldiak bertaratuz. Hala, Sagardo Egunari Herriko plazak bizirik! leloa jarri diote.
Elkarteko lehendakariorde Asier Aldalurrek, bere aldetik, Sagardo Eguneko egitarauaren berri eman du. Horren aurretik, ordea, sagardoak Zarautzen duen harrera ona nabarmendu nahi izan du: “Zarauzko herria txakolinagatik izango da ezagunagoa. Kontuan hartu behar da oraindik ere txakolinari askofalta zaiola sagardoa edaten den adina edateko. Sagardogile askorik ez dugu herrian, baina bai sagardozale asko. Zurekin-en helburua zarauztarrei aurtengo sagardoa nolakoa den dastatzeko aukera ematea da”.
Sagardo Eguna aprobetxatuz, ostalari elkarteak omenaldi xumea egingo dio Telesforo jatetxeko etxeko andre Begoñari. Omenduak emango dio hasiera jai egunari, 12:00etan, udaletxe aurrean.
EGITARAUA
11:30. Trikitilariekin kalejira.
12:oo. Udaletxe aurrean, sagardo dastaketa. Hiru euroren truke, sagardoa nahi beste eta 3 sardina.
12:30. Bertsolariaqk: Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Manzisidor Mantxi.
14:00. Bazkaria. Zarauzko jatetxetan sagardotegiko menua: saiheskiarekin 20 euro eta txuletarekin 25 euro.
18:00. Kupela taldearekin dantzaldia, Musika Plazan. Etxe eta Montte trikitilariekin kalejira, Aritzbatalden. Mattin eta Karlos trikitilariekin kalejira, Azken Portun.
19:00. Barrikotea herriko hiru auzotan: Aritzbataldeko Santuiturri plazan; Azken Portuko Plaza Gorrian; eta Musika Plazan. Sagardoa nahi adina eta oilasko pintxoa, 2,5 euro.