Guardia Zibila eta Espainiako Polizia sarekada egiten ari da bart goizaldetik eta hamar lagun atxilotu dituzte, Nafarroan gehienak. Ekinekin eta Askatasunarekin zerikusia izatea leporatu diete. Ertzaintza ari da hirugarren operazioarekin Amnistiaren Aldeko Mugimendutik adierazi dutenez.
Atxilotuak inkomunikatuta daude eta AAMtik kezka azaldu dute jasaten ari daitezkeen tratuaz. Iazko 63 tortura salaketek kezka hau areagotu baino ez dute egiten. Bestalde, polizia operazioak torturekin duen lotura mahaigaineratu nahi dute: Iraileko polizia operazioan Guardia Zibilak tortura basatipean galdekatu zituen euskal herritarren deklarazioetan ateratako izenak dira gaurko atxilotuetako asko.
AAMren arabera polizia operazio hauek izaera politikoa dute: Espainiako agintariak Euskal Herrian abian den prozesu politikoa zapuzteko eginahalean dabiltza. Alde bakarreko su-eten eta distentsio keinuei atxiloketekin eta torturekin erantzuten diete etengabe.
Gaurko polizia operazioarekin Nafarroako mugimendu politikoetan eragin nahi dutela diote: Argi dago herrialde honekin obsesio errepresibo berezia erakusten ari direla azken urteotan. Nafarroan disidentzia politiko oro ezabatu nahi dute, independentziaren aldeko joera oro errotik moztu nahi dute.
Bestalde, AAMtik salatu dute errepresioaren aurka eta euskal preso politikoekiko elkartasunez egiten den lana duela jomugan operazioak.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik errepresioaren aurrean hartu beharreko jarrera eta konpromisoen garrantzia azpimarratu nahi dute eta adierazi dute eragile politiko, sindikal eta sozialei dagokiela eraso hauei erantzuteaz gain errepresioaren aurkako lana antolatu eta areagotzea. Estatuak errepresioa gelditzera behartu behar ditugu, horretarako kaleko mobilizazioa eta eremu ezberdinetatik egindako presioa beharrezkoa izango delarik.
Orion gaur elkarretaratzea izango da 20:00etan plazan Prozesu demokratikoaren alde! Atxilotuak askatu!” eta herritarrei hurbiltzeko deia egin diete.