Urteroko ohiturari jarraituz, Getariako San Anton jaietako protagonista nagusia txakolina izan zen atzo ere. Ehunka lagun bildu zen herriko plazaren inguruan eta frontoian, iaz jasotako uztarekin egindako txakolina dastatu eta festa giroaz gozatzeko asmoz. Eguraldiak ere ez zuen hutsik egin eta eguzkia lagun zutela, Getariako bertako eta eskualdeko hainbat txokotatik iritsitako txakolinzaleak gustura aritu ziren mahats zukua edaten, eta bide batez, atun eta antxoa pintxoak jaten. Zarauztik txakolinaren festaz gozatzera hurbildu zen erretiratu bikote batek hala adierazi zion Hitza-ri: «Urtero-urtero etortzen gara. Giro paregabea izaten da eta aurten gainera, astelehena tokatu denez, azken urteetan baino lasaixeago dago, goiz-eguerdi parte paregabea pasatzeko egokia eta aurtengo txakolina, beti bezala, primerakoa».
Mahasti Jaunak
Urtero moduan, Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenaren erakundeak aurten ere Mahasti Jaunak izendatu ditu, eta horiei omenaldi berezia egin zieten uzta berriko txakolinaren aurkezpen ekitaldian. Atzokoan hiru izan ziren omenduak. 12 aldiz Gipuzkoako txapela, sei aldiz Euskal Herrikoa eta behin Munduko Txapela irabazi dituen Joxe Mari Olasagasti aizkolaria; bi aldiz munduko sukaldari gazte onena izendatu dutena eta egun Robin Food telebista saioa egiten duen David de Jorge sukaldaria; eta euskal herritar ugari dantzan jarri dituen Kupela taldea. Azken hauek Txakolina Getariako erregina abestia sortu zuten 2008an eta aurkezpen ekitaldian bertan ere abestu zuten, herritar eta bisitarien laguntzarekin. Olasagastik eskerrak eman zituen Mahasti Jaun izendatzeagatik eta David de Jorgek, bereizgarri duen grazia eta etorriarekin, txakolinaren enbaxadorea denez, txakolina munduan zehar ezagutarazten saiatuko dela azaldu zuen.
Jana eta edana
Txakolinaren aurkezpen ekitaldiaren ondoren, txakolinaren festan bildu ziren adinekoek, gazteek, umeek eta helduek denek izan zuten festaz gozatzeko tarterik. Zenbaitzuk, etxetik ekarri zituzten patata tortilla, antxoa edota atun pintxoak. Besteek, Getariako tabernek prestatutako mokadutxoak jan zituzten. Izan ziren jatea alde batera utzi eta txakolindegi guztietako mahats zukua probatzea helburu izan zutenak ere. Nolanahi ere, bertan suma zitekeen giroak ez zuen zalantzarako tarterik utzi: aurten ere txakolina izan da Getariako erregina.
