Asteburu gogorra bezain ilusionagarria zuten Zarautz Rugby taldeko kideek baina Zarautz inguruetan dabilen gripe agerraldiak gure errugbilarien ilusioak zapuztu zituen.
Nazional mailako taldeak Baztan-en aurka jokatu zuen Lekaroz-en larunbat arratsaldean. Bigarren taldeak eta gazte mailakoak ere beraien partidak zituztenez asteburuan, eta zenbait lesionatu eta gripeak jotako taldekide zituztenez, 15 jokalarirekin bakarrik joan ziren partidua jokatzera. Hauetako batzuk gainera gripetik errekuperatzeke zeuden oraindik. Xabier Amunarriz entrenatzaileak lan zaila izan zuen jokatzeko prest zeuden 15 jokalariekin postu guztiak betetzeko.
Ongi hasi zuten partidua zarauztarrak, baloia azkar mugituaz eta joko biziarekin. Baina gutxi iraun zuen joko bolada onak eta lehenengo zati eskasa jokatu zuten zarauztarrek orokorrean. Etxekoek ere ez zuten joko ikusgarririk egin baina baloiaren jabetza handiagoa izan zuten eta ongi jokatutako bi maul-etan entsegu bana lortu zuten.
Bigarren zatian zarauztarrak beraien joko dinamikoa egiten saiatu ziren eta honen ondorioz bi entsegu egitea lortu zuten. Baztandarrek berriz zigor kolpe bat besterik ez zuten lortu. Partidua amaitzear zegoelarik eta zarauztarrak puntu bakar batez galtzen ari zirela, epaileak zigor kolpe bat agindu zuen zarauztarren alde. Pasatzea lortuz gero garaipena beraiena izango zen eta bestela porrotarekin itzuli beharko zuten etxera. Zoritxarrez ezin izan zuten zigor kolpea gauzatu eta defentsako bonus-aren sari urriarekin konformatu behar izan zuten (15-14).
Hala ere jardunaldiko beste emaitzak aldekoak izan zirenez oraindik ere bigarren postuan jarraitzen dute zarauztarrek. Hori bai, sailkapena gero eta estuago dago eta hobe izango dute garaipenen bidera lehen bait lehen itzultzea goiko postuetan jarraitu nahi badute.
Lehenengo aukera, datorren larunbatean izango dute Atletico SS-en aurka. Arerio zuzena dute zarauztarrek Donostiako taldea eta ea astean zehar arazorik gabe entrenatzeko moduan diren partida garrantzitsu honetarako. Orioko Sinergia fisioterapia zentrotik ere berri onak ditugu eta min hartutako jokalariak berriz jokatzeko moduan laster egotea espero dugu.
Bigarren taldea indarrak ahitu bitartean ondo
Porrot handiena bigarren taldeak jaso zuen baina meritu gehien ere baliteke beraiek izatea. Taldeak zituen baliabide ia gehienak lehen taldea osatzeko erabili ostean, Euskal ligako senior taldeak larunbat arratsaldean Hernani C.R.E taldearen aurka neurtu zituen indarrak eta partidua hasi aurretik partida ia erabakia zegoen.
Zarauztarrak jende aldetik larri, norgehiagoka honetarako 13 jokalarirekin bakarrik joan behar izan zuten Hernanira. Nolabaiteko taldea osatu ondoren ekin zioten jokatzeari Fran Puertasek zuzendutako taldeak. Nahiz eta lehen minutuetan jokoa parekatua izan, indarrak bukatzen zihoazen heinean, etxekoen entseguak bata bestearen atzetik etorri ziren eta azken emaitzak (65-0), argi erakusten du bi taldeen artean larunbat honetan izan den diferentzia.
Datozen asteetan atseden izango du Euskal ligako taldeak. Taldeak atsedenaldi hau azken asteetan hutsegin duten jokalariak berreskuratzeko erabili nahi dute geratzen den liga zapore onarekin bukatu ahal izateko.
Gazte mailako taldeak itxura ona
Larunbat goizean Zarautz Rugbyko gazteek ere Hernaniren aurka jokatu zuten, baina bigarren taldeak ez bezala, hauek Astin. Josu Galarragak eta Gari Barriok taldea osatzeko arazorik ez zuten espero, baina azken uneko zenbait bajaren ondorioz ezin izan zuten taldea osatu eta 14 jokalarirekin zelairatu behar izan zuten zarauztarrek. Jokalari bat gutxiagoz jokatzea ez da lehen itzuliko multzoko liderra izan zen Hernani taldearen aurrean lehiatzeko egoerarik onena.
Partidua hobeto hasi zuten hernaniarrek. Aurrelarien artean berdintasuna zen nagusi baina hiru laurdenen lerroan bat gehiago zirenez nagusi izan ziren lehen zatian eta bi entsegu eginaz markagailuan aurretik jarri ziren kanpotarrak.
Bigarren zatian aldiz zarauztarrek erasora jo zuten lotsagabe eta estu lotu zituzten hernaniarrak. Azken minutu-arte gogor saiatu ziren zarauztarrak baina ezin izan zuten markagailua irauli. Azken emaitza 14-19 kanpotarren alde.
Emaitza honekin sailkapeneko hirugarren postuan geratzen dira zarauztarrak Ordizia eta Hernaniren atzetik.