Zer egin daiteke erretiratu ostean?

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2011ko urtarrilaren 17a

”Bizitza osoan lanean jardun ostean zerbait egin beharra dago. Behin erretiratzen zarenean denbora soberan izango duzun sentsazioa duzu». Horren aurrean, bi alternatiba daude: etxean geratzea edota ikasten hastea. Azken hori proposatzen du Kostan Elkarteak. Mugabe erakundeak sortutako Esperientziaren Eskolaren ondotik sortutako ekimena da honakoa, eta helburua adineko pertsonek ikasten jarraitzea eta euren artean erlazionatzeko aukera eskaintzea da. «Urtebetez materia ezberdinen inguruko hitzaldietan parte hartu genuen Esperientziaren Eskolaren bitartez. Motz geratu zitzaigun, ordea, saioak oso jarraian baitziren eta oso puntualak. Behin epe hori amaituta, ikasteko grina piztu zitzaigun, eta horri jarraipena ematea erabaki dugu. Horregatik sortu dugu Kostan Elkartea», jakinarazi du Maria Jesus Tomasek. Tomas elkarteko lehendakaria da eta «guztiz positibotzat» jo du proiektu berria: «Lana uzten duzunean hutsik sentitzen zara, ez dakizu zer egin edota zure denbora nola antolatu. Ekimen honekin etsialdiak edo depresioak sahiestu daitezke». Izan ere, ikasteaz gain, adiskidetasuna lantzen da eskolotan. «Gure adinean oso garrantzitsua da besteekin erlazionatzea, esperientziak elkartrukatzea eta babesa sentitzea. Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin», dio Kostan Elkarteko lehendakariak. Eta, bide batez, Kostan Elkarteak «gizartearekiko abangoardian» mantentzeko aukera eskaintzen du: «Gizartea eraldatuz doa, eta guk, pertsona adindunok, alegia, garai berrietara egokitu beharra dugu». Askotariko ikasgaiak Egun 51 pertsona dira elkarteko bazkide. Horiez gain, bazkide [...]

”Bizitza osoan lanean jardun ostean zerbait egin beharra dago. Behin erretiratzen zarenean denbora soberan izango duzun sentsazioa duzu». Horren aurrean, bi alternatiba daude: etxean geratzea edota ikasten hastea. Azken hori proposatzen du Kostan Elkarteak. Mugabe erakundeak sortutako Esperientziaren Eskolaren ondotik sortutako ekimena da honakoa, eta helburua adineko pertsonek ikasten jarraitzea eta euren artean erlazionatzeko aukera eskaintzea da.
«Urtebetez materia ezberdinen inguruko hitzaldietan parte hartu genuen Esperientziaren Eskolaren bitartez. Motz geratu zitzaigun, ordea, saioak oso jarraian baitziren eta oso puntualak. Behin epe hori amaituta, ikasteko grina piztu zitzaigun, eta horri jarraipena ematea erabaki dugu. Horregatik sortu dugu Kostan Elkartea», jakinarazi du Maria Jesus Tomasek. Tomas elkarteko lehendakaria da eta «guztiz positibotzat» jo du proiektu berria: «Lana uzten duzunean hutsik sentitzen zara, ez dakizu zer egin edota zure denbora nola antolatu. Ekimen honekin etsialdiak edo depresioak sahiestu daitezke». Izan ere, ikasteaz gain, adiskidetasuna lantzen da eskolotan. «Gure adinean oso garrantzitsua da besteekin erlazionatzea, esperientziak elkartrukatzea eta babesa sentitzea. Oso ondo pasatzen dugu elkarrekin», dio Kostan Elkarteko lehendakariak. Eta, bide batez, Kostan Elkarteak «gizartearekiko abangoardian» mantentzeko aukera eskaintzen du: «Gizartea eraldatuz doa, eta guk, pertsona adindunok, alegia, garai berrietara egokitu beharra dugu».
Askotariko ikasgaiak
Egun 51 pertsona dira elkarteko bazkide. Horiez gain, bazkide ez izan arren, beste hainbat pertsonek hartzen dute parte eskoletan. Ikasturte bakoitzaren hasieran batzarra egiten dute eta bertan zein materia jasoko dituzten erabakitzen dute, gehiengoz. 2011-2012 ikasturteko ikasgaiak, esaterako, martxoaren amaieran egingo duten bilkuran adostuko dituzte.Aurten askotariko gaiak lantzeko aukera izango dute bertan parte hartzen dutenek. Tomasek azaldu duenez, antropologiaren, musikaren, geografia historikoaren eta erlijioen historiaren gisako materiak landu ahal izango dituzte. Astean bi egunetan izaten dira eskolak, asteartetan eta ostiraletan 10:00etatik 12:00etara, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.
Era berean, literatur solasaldietan eta hitzaldietan har dezakete parte. «Programa aberasten saiatzen gara beti, eta horretarako gai bakoitzean adituak gonbidatzen ditugu», nabarmendu du elkarteko lehendakariak. «Irakasle paregabeak izatenditugu orokorrean, mediku garrantzitsuak, literatoak… Gure asmoa programa ahalik eta erakargarrien egitea da,jendea bertan parte hartzera animatu dadin; izan ere, benetan osasungarria da okupatua egotea».
Ikastea baino gehiago
Ikasteaz gain, «gure ingurunea» ezagutaraztea du helburu tzat Kostan Elkarteak. Hori dela eta, tartean-tartean irteera kulturalak zein bazkariak egiten dituzte. Pasa den hilabetetan, esaterako, Errioxara bidaiatu zuten elkarteko kideek, bertako upeltegietan ardo dastaketak egitera. Horretaz gain, duela gutxi Bilboko Guggenheimea bisitatzeko aukera izan zuten. Holandako Pinturaren Urrezko Mendearen inguruko erakusketa ikusi ostean, Bilboko Alondigaren arkitektura aztertuko zuten. «Garrantzitsua da gure ingurunea maitatzen ikastea, eta horretarako bertaratu beharra dago», gehitu du Tomasek.
Bazkide izan nahi duenak urteko 25 euro ordaindu beharko ditu. Bazkide izanez gero, ikasgai bakoitzean izen emateak 25 euroko kostua izango du; bazkide ez direnek, berriz, 35 euro ordaindu beharko dute materia bakoitzeko. Era berean, ikasgai guztietan parte hartu nahi dutenek 105 euroren truke egin ahalko dute. Interesa dutenek 943132721 telefono zenbakira deitu dezakete eskolaren inguruko informazio osatuagoa jasotzeko edota Kostan elkartean izena emateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide