Pilartxo Eneako parkea erabiltzaile gehien dituen jolastokietako bat da. Egunotan erabiltzaile kopuruak gora egin du, jolas berritzaile ugari jarri baitituzte bertan. “Lehengo jolasak zaharkituta geratu dira, eta berritu beharrak zeuden. Jolas enpresa arduratu da parkea eraldatzeaz, eta Udalak lurra berritu du”, adierazi zuen Zarauzko alkate Jon Urienek. Aipatutako enpresak doan ezarri ditu jolasok: “Pilartxo Eneako parkean haur eta guraso ugari ibiltzen dira eta hori dela eta bertan jarri ditugu lehenengo aldiz jolas berritzaileok, erakusleiho gisa funtziona dezan”.
25.000 euroko aurrekontua
Udalak bere aldetik lurra konpondu du. Parke eta Lorategietako zinegotzi Patxi Elolak jakinarazi zuenez, 25.000 euroko aurrekontua erabili du erakundeak kautxuzko lurra Pilartxo Enean ezartzeko. “Lodiera ezberdineko lurra jarri dugu jolasaren arabera. Altuera handia duten jolasen azpiko lurra lodiagoa da baxuagoetakoa baino. Hala, txikienen segurtasuna bermatuko dugu”.

