Hilabete batzuk dira Udalbiltzaren kontrako epaiketa amaitu zela eta Audientzia Nazionalak datorren ostegunean, urtarrilaren 20, egingo du publiko Miren Odriozola auzipetu azpeitiarraren eta gainontzeko 20 auzipetuen inguruko epaia. Maribi Ugarteburu auzipetu eta Amorotoko alkate ohiak gaur goizean Donostian emandako prentsaurrekoan jakinarazi du, halere, Madrilera joan beharrik ez eta Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak defentsako abokatuei helaraziko diela sententzia.
Zazpi urte eta erdiko prozesua amaitzear dagoen unean, auzipetuek berria "sentsazio nahasiekin" jaso dutela azaldu du Ugarte. Batetik "urduri" daudela, auzipetuen "etorkizun hurbileko askatasuna jokoan" dagoelako, eta Udalbiltzako jarduna "zigor modura" epaitu daitekeelako. Bestetik "lasai eta harro" daudela jakinarazi du, hautetsiek beti "eskubide demokratikoen defentsan" ekin dutelako, eta Udalbiltza "etorkizunerako tresna baliagarria" dela frogatu delako.
Miren Odriozolak Hitzari adierazi dionez, alde batetik "lasai" dago, "epaiketa ondo joan zelako eta ez zelako deliturik inondik inora ikusi". Bestalde, ordea, "ez dakigu justiziak zein punturaino erabakitzen dituen gauzak politikoki" eta alde horretatik "kezka" ere baduela adierazi du. "Egin dugun lana publikoa, demokratikoa eta politikoa izan da eta bakea lortzeko bidean laguntzen egin dugu lan" dio Odriozolak, Udalbiltza Euskal Herri osoko erakunde bakarra izanik, euskaldunen "eskubide politiko eta sozialen alde" ibili direla lanean dio. "Euskal Herriko gehienek bezala, absoluzioa espero dugu".
Elkarretaratzea asteartean
Udalbiltzaren aldeko babes taldeak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 18, astearterako. 19:00etan egingo dute kontzentrazioa udaletxe aurrean eta epaiketa salatzeaz gain, Miren Odriozolari elkartasuna adieraztea dute helburu antolatzaileek.
Zigor eskariak
Fiskalak 20rentzat -tartean Miren Odriozola azpeitiarrarentzat- hamarna urteko kartzela zigorra eskatu du -Xabier Alegriarentzat ez du zigorrik galdegin-. Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuentzako 14 eta 23 urte arteko espetxea eskatu du. Defentsak, absoluzioa.