Axi Muniain surflari zarauztarrak erronka berri bati egingo dio aurre datozen hilabeteetan. Negualdeko olatu handiena hartzeko asmo du, hain zuzen. Zarauztarrak hiru hilabeteko epea izango du Europako olatu handiena hartzeko eta lan hori aurrera eramateko bi babesleren laguntza izango du lehenengo aldiz: NaturGas eta BAT Basque Team. “Hilabeteotan hainbat lekutako olatuek non egiten duten talka eta non altxatzen diren aztertuko dut. Bertan izaten ahaleginduko naiz, olatuak hartzen, grabatzen eta argazkiak ateratzen”, adierazi du Muniainek. Grabazioak gerora Kaliforniako (AEB) XXL Big Wave txapelketan aurkeztuko ditu: “Helburu irreala da faktore askoren mende baitago. Erronka zaila da baina horrek xarma gehitzen dio proiektuari; izan ere, ez dago jakiterik itsasoak eta naturak nola jokatuko duen. Ezin da jakin noiz iritsiko den zure bizitzako olatu handiena”.
Euskal Herrian, “ideala”
Jakinarazi duenez, Europako kostaldean zentratuko da surflaria. Hala ere, “ideala” olatu handiena Euskal Herriko kostan hartzea litzatekeela gaineratu du: “Euskal Herrian gorpuztu den proiektua denez, ideala izango litzateke hemen bertan hartzea olatu izugarria. Hala, bide batez, Euskal Herriko kostaldeari oihartzuna emango diogu”.
