Sokamur elkarteak Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako “zezenen inguruko jolasak eta ekintzak babesteari” ekin zion joan zen abuztuan. Hiru probintzia horien mailako elkarteak Azkoitian du egoitza nagusia, San Martin auzoko Bizenta Mogel kalean, hain zuzen ere. Bertan elkartzen dira taldeko zortzi kideak; bilerak egiten dituzte, eta sokamuturraren inguruko egoeraren inguruan eztabaidatzen dutela adierazi du Jose Manuel Jimenez elkarteko lehendakariak.
Lau hilabete horietan Eusko Legebiltzarrean zenbait proposamen aurkeztu dituzte, eta lehenedakariak jakinarazi duenez, elkarteak sokamuturrak Interes Kulturalaren Ondasun izatea nahi du; hori lortzeko eskaera egiten ari da taldea. Denborak aurrera egin ahala zenbait herrietan ekintza horiek desagertu egin direla adierazi du lehendakariak, eta horren aurrean, ”ohitura” hori “berreskuratzea” nahi du elkarteak.
Sokamuturren inguruan “hutsuneak” daudela uste du taldeak, horregatik “babestu gabe dauden ekintzei babesa emateko” bidea hartu dute. Hori hala, zezenketen gaia alde batera utzi dute, “zezenketak babesten dituzten beste erakundeak badaudelako”. Hala ere, zezenketen debekuen inguruan dagoen eztabaidaz honako iritzia du Jimenezek; “pertsonalki, debekuaren guztiz aurka nago. Aldi berean, ideia guztiak errespetagarriak dira, baina erabiltzen dituzte arrazoiak ez ditut partekatzen”.