Gaur goizean bertan, urtarrilaren 12ko 10:30ak inguruan, inauguratu dute kanpoko barrako zabalguneko kofradia berria, 3.472 metro koadro dituena. Bertan izan dira, besteak beste, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailburu Iñaki Arriola, Orioko alkate Jon Redondo, Aiako alkate Igor Iturain, Portuetako zuzendari Felix Asensio, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Jokin Diez, Orioko kofradiako presidente Santi Peiro, saregileak eta kofradia berriaren proiektua egin duen Joxe Mari Alkorta arkitektoa.
Kofradia berrira sartu aurretik, eraikina inauguratu du Unai Manterola Orioko eta Aiako apaizak, Kofradiaren pareta batean jarritako Karmengo Amabirjinaren irudiaren aurrean. Barrua arakatzera pasa dira ondoren agintariak eta bertaratutako guztiak. 10 soto daude beheko solairuan: Portuetako zuzendaritzarentzat izango da aurrenekoa, gela batekin batera, lurralde-zerbitzuko bulegoa jartzeko. Biltegi bana hartuko dute Orioko 7 itsasontziek. Eta gainerako biak norentzat izango diren erabaki gabeko dago oraindik.
Kofradiaren administrazio bulegoa ere behe solairuan izango da, batzar-eremuekin batera. Administrazio-lanetarako eremuak, aldiz, bigarren solairuan daude, saregileak lanean aritzeko zabalgune batekin batera.
Arrantza-kanpainetan erabili ez diren sareak jasotzeko edo lehorrean dauden bitartean, sarea lehortzeko biltegiak ere baditu Kofradia berriak. Itsasontzitik eta lehorretik sareak kargatzeko modua du, gainera, garabiak eta beharrezko diren gainerako tresnak izango baitira bertan.
2009ko abenduan hasita, 4,6 miloi euro eta 14 hilabete behar izan dira lanak bukatzeko.
Jon Redondok adierazi duenez, eraikin berritzaile eta praktikoa da gaur inauguratu dutena: arrantzaleek bizia eman diezaioten falta da. Saregileek baldintza duinetan egingo dutela lan azpimarratu du Redondok.
Santi Peirok berriz eskerrak eman nahi izan dizkie alboan izan dituzten guztiei eta Eusko Jaurlaritzari gogorarazi dio aurrerantzean ere ez ahazteko arrantzale eta saregileekin.
Iñaki Arriola sailburuak hartu du atzetik hitza eta Oriaren ibaiaren garrantzia nabarmenduz hasi da. Bukatu berri den proiektu horrekin Eusko Jaurlaritzak Orioko kofradiaren beharrei erantzun diola gehitu du ondoren. Bestalde, gogorarazi du, Orioko kirol portuko eraikinak bukatzeko lanak hasiak dituztela. 1,3 milioi euro kostako da egitura hutsean dauden hiru eraikinak amaitzea eta 8 hilabeteren buruan egin beharko dute lana.
Kaleratutakoen alde, protesta
Kofradia berriaren atarian, Orioko kirol portuko hainbat langile eta langile-ohi izan dituzte zain agintariek, lanik gabe utzi dituzten lau langileren kaleratzearen kontrako protesta egiten. EKP Despidorik ez, subrogazioa orain idatzitako papertxoak banatu eta bota dituzte aurrena, eta Kirol portuetan subrogazioa lemadun pankarta zabaldu dute gero. Iñaki Arriola sailburuari aurpegia emateko eskatu diote, eta Orioko kirol portuko langileriak eskatutako hamarretik gora bilera eskaerei erantzunik eman ez izana leporatu diote.
