LAB sindikatuko erretiratuek eta pentsiodunek bizi duten «egoera prekarioa» salatu zuten atzo eguerdi aldera. Lege Zaharren Enparantzan elkartu ziren Gipuzkoako ordezkari ugari urtero egiten duten bilkura orokorra amaitu ostean.
Bertan, urtean zehar egindako adierazpenak berretsi zituzten. Batetik, pentsioen izozketa salatu zuten elkarretaratu zirenek, eta pentsio duinak aldarrikatu. Bestetik, euskaldunen pentsioak Euskal Herrian bertan adostu behar direla adierazi zuen LABeko kide batek: «Euskal Herrian egonda bertan erabaki beharko da gure pentsioa, eta ez kanpoan».
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak etxeko harrera gutxitu duela salatu zuten. «Aldundiak osasun zerbitzu osoa eskaintzen die haurrei jaiotzen diren une beretik. Gerora gutxitzen joaten dira zerbitzu horiek. Helduenganako osasun arreta erabat gutxitu du, esaterako» adierazi zuten.
Horri lotuta, aurten Aldundiak gizarte zerbitzuetako aurrekontua %2,5a igo duela jakinarazi zuten: «Baina diru-laguntza hori Lanbidera bideratu dute gehienbat». Ildo horretatik, zahar etxe gehiago ez dituela eraikiko salatu zuten, eta ondorioz, adinnagusikoentzako etxe publikoak eraikitzeko eskatu zuten atzo bildu zirenek: «Erreformak miseria dakar».
Grebarako prest
Atzoko bilkuran urtarrilaren 27an egingo duten grebarako antolakuntza zehaztu zutela adierazi zuten: «LABeko kideok, beste hainbat eragilerekin batera ,grebarekin bat egingo dugu hilaren 27an». Bestalde, Gehiengo sindikalak langile eta herritar guztiei dei egin diete greba orokorrean parte har dezaten: «Mobilizazioa da murrizketa hauei aurre egiteko modu bakarra».Horri lotuta, gaur 18:00etan prentsaurrekoa eskainiko du Azpeitiko Sindikatu Zaharrean.
Euren egoera salatzeko sortutako bertsoa
LABeko erretiratuek eta pentsiodunek euren «egoera prekarioa» salatzeko «helduak eta pentsiodunak borrokan» jarraituko dute. Horren harira, bertsoa osatu dute. Habanera doinuarekin abestu daiteke:
Bizi guztia lanean
Beti gerokoan pentsatzen
Eta iritsi eta gero
ez dugu ezer ulertzen.
Jubilatu eta alargunak
nola gaituzten baztertzen.
Eta Madrilen eroso
gure kaxatik lapurtzen.
Hitz politekin ez degu (bis)
pentsio duinik lortzen.
Eta ez degu lortuko
ez badegu borrokatzen.
Hortik gure deiadarra
LABeko kideei zabaltzen
asko gara Euskal Herrian
eta hasi gaitezen biltzen.