Azkoitiko Udalak herriko auzoetatik herrigunera joango den autobus zerbitzua martxan jarriko du. Oraindik plana guztiz zehaztuta ez badago ere, Udala «bideraketa lanak» egiten ari da egun. Hori hala, adinduentzat izanik zerbitzua, 75 urtetik gorakoek eta menpekotasuna dutenak ibili izango dira autobusean. Zerbitzua jasotzeko eskaerak egiteko epea zabalik dago jada, eta Txalon Erreka, Altzibar, San Martin eta Floreaga auzoetakoak udaletxeko gizarte zerbitzuan eman dezakete izena.
Doainekoa izango da zerbitzua, baina, bertan ibiliko diren pertsonek «tasa bat» ordainduko dute txartelaren truke. Udalak adierazi du hasiera batean sei hilabete iraungo duela ekimen honek. Hilabete horiek eta gero, “erantzuna positiboa” bada, aurrera jarraituko du autobus zerbitzuak.
Bideraketa lan horien baitan, arduradunek diote autobusa Floreagatik, San Martinetik, Txalon Errekatik eta Altzibarretik pasatuko dela. Horrez gain, San Jose egoitzatik ere pasatuko da.