Paisaia eta arkitektura «bateratu» ditu Jose Antonio Legorburu artista zarauztarrak Madrilgo (Espainia) Victor I Fills Art Gallery aretoan aurkeztu duen Paisajes y Arquitecturas erakusketan. «Ez da bien arteko fusio bat, bakoitzak bere prozesu propioa baitu. Bi diziplina artistiko ezberdin dira, elkarren artean zerikusi handirik ez dutenak, baina erakusketa honetan lotu egiten ditudanak, nolabait esateko», zehaztu nahi izan du Legorburuk.
Guztira, 20 eskultura eta 30 margolan inguru bildu ditu Madrilgo arte galerian. Artelan horiek bere ibilbideko azken etapan jorratutakoak dira, 2002tik 2010era artekoak, Oikian duen lantokian. Erakusketa abenduaren erdialdean inauguratu zuten eta datorren larunbatea bitartean dago zabalik. Gainera, orain arte jaso duen harrera ona izan dela adierazi du artista zarauztarrak: «Asko gustatu da, egia esan. Aurkeztu dudan proposamena deigarria egin zaio publikoari. Zerbait ezberdina izan da eta jendea harrituta geratu da».