Egun gutxi da Mollarriko zamalekuko lanak amaitu dituztela eta etengabea da bisitarien joan-etorria. Urte amaierarako eremuaren berreskuratze lanak bukatu zituzten eta eremua edonor bertara dadin prestatu dute. Espainiako Ingurumen Ministerioak burutu ditu eremua berreskuratzeko lanak, Kosta Zuzendaritzak, zehazki. Behin lanak amaituta, Zarauzko alkate Jon Urienek Kostaren eta Itsasoaren Iraunkortasun Orokorreko zuzendaritzarekin bertako mantenua Udalaren esku geratzeko akordioa sinatu zuen. Aurrerantzean Udalaren eskumena izango da, beraz, Mollarriko zamalekua kudeatzea.
Ingurumen zinegotzi Alejandro Vazquezek jakinarazi duenez, bi fasetan egin dituzte eremua berreskuratzeko lanak: «Lehenengo lanak 2008an hasi zituzten, eta orduan eremua egonkortu zuten langileek, lurrak sendotu». Gerora, urtebetez-edo, obra geldirik egon dela azaldu du. «2010ean ekin zieten berriz lanei, eta lau hilabetez jardun zuten. Urte amaierarako prest zegoen jada» adierazi du Ingurumen zinegotziak.
Hainbat hobekuntza
Hala, hainbat hobekuntza egin dute eremuan. Batetik, zamalekura bertaratzeko bidea berritu dute: «Bidea Iñurritzako zubitik hasten da. Ibaiak itsasoarekin bat egiten duen eremutik Talaimendira doazen eskailerak berritu dituzte. Horretaz gain, Talaimendiko belazetik kargalekurako bidea egokitu dute oinezkoen erabilerarako». Lanak burutzeko beharrezko makineria zamalekura jaitsi ahal izateko bideak zabaldu zituzten bere garaian, eta hala mantentzea erabaki zutela adierazi du Vazquezek: «Mantenu lanak egiteko edota segurtasuneko ibilgailuak eremura jaisteko bide zabalak mantendu dituzte. Hala ere, bidea oinezkoentzat da espresuki».
Bestetik, hiru begiraleku egin dituzte, eta horietan panel informatiboak ezarri. «Horien bitartez bisitariek eremuaren historia ezagutu dezakete, kargalekuak nola funtzionatzen zuen ezagutu eta bertan egiten zituzten lanen inguruko informazioa jasotzen dute».
Era berean, zamalekuaren eraikina bere horretan mantendu dutela nabarmendu du Ingurumen zinegotziak: «Ez dugu aldaketarik egin eraikuntzan, ez dugu zaharberritu. Gutxiengo urbanizazio lanak bideratu dituzte, eta eraikinaren inguruan pasabide batzuk kokatu, eraikina gertutik ezagutu ahal izateko».
Haren inguruan, zabalgune handia egin dute, eta alde batean interpretazio zentroa eraiki. Vazquezek jakinarazi duenez, hilabete batzuren buruan erakusketa osatuta egongo da. «Bertan garai bateko argazkiak eta informazio baliagarria topatuko du bisitariak. Erakusketa egun jakinetan izango da zabalik, aurrez bisitaren bat balego irekiko dute» azaldu du. Bestalde, «auto bisita» egin ahalko du bertaratzen denak: «Panel ugari kokatuko dira, bisitariek euren kasara begizta dezaten zamalekua». «Duela ia mende bat martxan egon zen industriagunea izan zen Mollarriko zamalekua. Garrantzitsua da eremuaren historia zabaltzea» nabarmendu du Vazquezek.
Mende bete oroitzapen
1891. urtean Arabako eta Gipuzkoako Meatze Konpainiak aireko kableak ezarri zituen Asteasuko (Gipuzkoa) Andazarrate meategiko minerala Zarautzera garraiatzeko. Guillermo Vahl alemaniarrak eraiki zuen Malla Arri (egun Mollarri bezala ezagutzen dena) kaia, mineralak itsaso bidez Zarauztik Europako hainbat hiritara garraiatzeko. Bi linea zeuden; lehenengoak Andarrazatetik Talaimendiko lehorraldeko kargalekura garraiatzen zuen burdina. Bertan, minerala kargatzen zen eta eraikinaren inbutu formako gunean uzten zen denboraldi batez. Bertatik, bigarren linearen bidez, Mollarrira garraiatzen zuten minerala, itsasontzietan sartu eta Europara garraiatu ahal izateko. 1923 inguruan utzi zion funtzionatzeari instalazioak.