Pupu eta Lore aukeztuko dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek hilaren 28an

Karkara.eus 2011ko urtarrilaren 10a

17:30ean hasiko da Orioko Herri Ikastolak antolatutako ekimena

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Oriora etortzeko gonbita egin die Pirritxi, Porrotxi eta Marimototsi Orioko Herri Ikastolak. Eskaintza onartuta, urtarrilaren 28an izango dira pailazo...

17:30ean hasiko da Orioko Herri Ikastolak antolatutako ekimena

Azken urteotako ohiturari jarraituz, Oriora etortzeko gonbita egin die Pirritxi, Porrotxi eta Marimototsi Orioko Herri Ikastolak. Eskaintza onartuta, urtarrilaren 28an izango dira pailazo sonatuak gurean. Ongi etorri, Pupu eta Lore saio berria eskainiko dute Karela kiroldegian, 17:30etatik aurrera.

Emanaldia ikusteko sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko: Ikastolan eta Il Gelato kafetegian, Orion; Juanenea tabernan eta kultur etxean, Aian; Salbatore Mitxelena ikastolan eta Oteiza Lizeoan, Zarautzen; eta Harritarte dendan, Getarian. 6 euro kostako da sarrera bakoitza eta egunean bertan ere jarriko dituzte salgai, baldin eta txartelik geratzen bada, 7 euroren truke.

800 lagunentzako lekua izango da Orioko kiroldegian eta horrenbeste txartel atera ditu, hortaz, Orioko ikastolak. Ondorioz, Pirritxekin, Porrotxekin eta Marimototsekin ondo pasa nahi dutenei sarrerak lehenbailehen erosteko dei egin diete antolatzaileek, urtero azkar batean bukatzen baitira salgai jarritako guztiak.

Haur masaje ikastaroan izena emateko azken egunak

Haur masaje ikastaroa ere antolatu du Orioko Herri Ikastolak urtarrilerako eta oraindik lekua dagoela adierazi dute antolatzaileek. 2009an jaiotako haur eta gurasoei zuzendutako saioak izango dira eta hilaren 18an hasiko dira, Nerea Mendizabalen gidaritzapean. Ordu eta erdiko 5 saio izango dira, astearteetan, 40 euroren truke: 17:00etatik 18:30era.

Urtarrilaren 12a arte zabalik dago izena emateko epea eta interesa duenak ikastolako idazkaritzara jo edo deitu –943 83 47 04 / 625 70 64 39– beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide