Joan zen asteazkenean itxi zituen ateak bi aste eta erdiz Torre Zurin egon den bidezko merkataritza dendak. Azken urteetan Azkoitiko Gazte Pastoraltzak antolatu ohi du egitasmoa, eta oraingo honetan antolatzaileek “balorazio positiboa” egin dute. Romualdo Larrañaga taldeko kideak adierazi duenez, aurten saldu den generoak “3.300 euro inguruko balioa” izan du. Iaz lortu zutena baino 1.000 euro gutxiago izan arren, antolatzaileak “gustura” azaldu dira dendak aurten izan duen erantzunarekin.
Guztira, 200 produktu egon dira salgai dendan: janariak, jostailuak, panpinak, xaboiak edota dekoraziorako gauzak, besteak beste. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, batez ere “gauza merkeak eta erabilgarriak” saldu dituzte, kafea, txokolatea, infusioak edota jostailuak, kasu.
Bidezko merkataritza “herrialde pobreetan bizi diren nekaraziak eta ekoizleak aurrera ateratzeko tresna” dcla nabarmendu dute antolatzaileek, bitartekarik izan ezean, irabaziak “zuzenean ekoiztu duenarentzat” bideratzen baitira. Hori hala, taldeko kideak adierazi du horrelako ekimen “xumeen” helbururik garrantzitsuena mugimendu hori ezagutara eramatea dela: “Gure artean produktu horiek tartekorik gabe saltzea eta herrialde pobreen garapenean laguntza ematea dugu helburu. Beraz, gizarteari leihoak ireki nahi dizkiogu mugimendu honen bidez; saldu dugun kantitatea baino, dendak duen zentzua ezagutara eramatea da gure asmoa”.
Denda irekita egon den egunetan herriko gazteak egon dira lanean. Elkarteak, egitasmo honetan lagundu dieten guztiei eskerrak luzatu nahi dizkie.
