Gaur, urtarrilaren 7an, kaleratuko dugu 2011ko lehenengo Karkara: 290. zenbakia. Fernando Ortiz de Gineak hartuko ditu aldizkariko erdiko orriak. Txirrinduzale honi egindako elkarrizketan besteak beste herriko kirol probak antolatzen egindako ibilbidea laburtu digu.
Orioko albisteetan, errioko dragatze lanez, azken lapurretak direla eta merkatariek egindako salaketez eta Udalak hezkuntzarako emandako diru-laguntzez hitz egin dugu. Kiroletan, berriz, futbola da nagusi. Orioko Futbol Taldeko Ainara Manterola, Laida Arruti eta Malen Moran Realarekin prestatzen arituko dira; bestalde, 2B kategoriako Zamora taldean diharduen Iker Torre futbolaria elkarrizketatu dugu.
Aiako orrietan World Cheese Awards (Munduko Gazta Sariketa) lehiaketan urrezko domina jaso duen Jose Luis Odriozola gaztagilea elkarrizketatu dugu eta Herritarrak atalean Maialen Velasco aktorea. Gainontzean, Erregeak edo Olentzero aukeratzen jarri ditugu bi lagun; Herribil jaialdiaz ere aritu gara... eta 290. Karkara osorik irakurri nahi duenak hemen klikatu beharko du.
Hurrengo zenbakia urtarrilaren 21ean kaleratuko dugu.