«Sentitzen dudana besteei helarazi nahi izan diet liburu honen bidez»

Ane Olaizola 2011ko urtarrilaren 6a

Duela hiru urte ekin zion Patxi Larrañagak (Azkoitia, 1937) Gure abestiak kantu bilduma osatzeari. Erretiroa hartu eta gero, etxean zuen materiala bildu eta «lasai-lasai» hasi zen Larrañaga laugarren lana egiten. Argitaletxeen laguntzarik gabe, Gipuzkoan zehar ari da saltzen liburua, eta dendatan ez ezik, patxi_larrañaga@euskalnet.net helbidera idatzita edota 688-60 16 00 telefonora deituta ere eskura daiteke liburua. - ‘Gure abestiak’ liburuak elkarte batean du sorrera, ezta? Azkoitiko Umore Ona elkartean maiz elkartzen ginen lagunak ostiral gauetan. Afaldu egiten genuen lehendabizi, eta ondoren guztiok abestu egiten genuen. Exera joaten nintzenean, kantatutako abesti horiek idatzi egiten nituen. Abesti horiek guztiak etxean pilatu zitzaizkidan orduan. Eskuz idatzita zeuden horiek eta pixkanaka, jubilatu nintzenean, partiturak sortzen eta ordenagailura pasatzen hasi nintzen. Azkoitiko Musika Eskolara joan nintzen partiturak egiten ikastera. Ahal zen sinpleena egin nahi izan dut, baina, aldi berean, guztien doinuak eta letrak ere idatzi nahi izan ditut. Liburu honen bidez, jendeak abesteko euskarri bat badu. Izan ere, lagun artean abesten jarduteko ohitura ere galdu egin da. Elkartasun hori polita izaten da, eta liburu honen bidez berreskuratzea gustatuko litzaidake. Poliki -poliki egin dudan lana izan da. - Zer dela eta hasi zinen lan hori egiten? Batetik, material hori guztia etxean nuelako. Bestetik, behin materiala lagun [...]

Duela hiru urte ekin zion Patxi Larrañagak (Azkoitia, 1937) Gure abestiak kantu bilduma osatzeari. Erretiroa hartu eta gero, etxean zuen materiala bildu eta «lasai-lasai» hasi zen Larrañaga laugarren lana egiten. Argitaletxeen laguntzarik gabe, Gipuzkoan zehar ari da saltzen liburua, eta dendatan ez ezik, patxi_larrañaga@euskalnet.net helbidera idatzita edota 688-60 16 00 telefonora deituta ere eskura daiteke liburua.
- ‘Gure abestiak’ liburuak elkarte batean du sorrera, ezta?
Azkoitiko Umore Ona elkartean maiz elkartzen ginen lagunak ostiral gauetan. Afaldu egiten genuen lehendabizi, eta ondoren guztiok abestu egiten genuen. Exera joaten nintzenean, kantatutako abesti horiek idatzi egiten nituen. Abesti horiek guztiak etxean pilatu zitzaizkidan orduan. Eskuz idatzita zeuden horiek eta pixkanaka, jubilatu nintzenean, partiturak sortzen eta ordenagailura pasatzen hasi nintzen. Azkoitiko Musika Eskolara joan nintzen partiturak egiten ikastera. Ahal zen sinpleena egin nahi izan dut, baina, aldi berean, guztien doinuak eta letrak ere idatzi nahi izan ditut. Liburu honen bidez, jendeak abesteko euskarri bat badu. Izan ere, lagun artean abesten jarduteko ohitura ere galdu egin da. Elkartasun hori polita izaten da, eta liburu honen bidez berreskuratzea gustatuko litzaidake. Poliki -poliki egin dudan lana izan da.
- Zer dela eta hasi zinen lan hori egiten?
Batetik, material hori guztia etxean nuelako. Bestetik, behin materiala lagun bati erakutsi nionean, esan zidan horrek argitara irten behar zuela. Hasieran txantxatan hartzen nion proposamen hori, baina konturatu nintzen banuela denbora soberan lan hori egiteko, eta azkenean animatu egin nintzen.
- Nolako abestiak jaso dituzu?
Mota askotako abestiak daude. Iparragirreren abestietatik hasi eta gaur egunera arteko doinuak biltzen ditu. Asko abesti tradizionalak edota herrikoiak dira, baina badaude bestelakoak ere. Horien artean, Azkoitiko musikarien doinuak ere bildu ditut; besteak beste, Miguel Mari Azpiazu, Cruz Mari Alberdi Poxpi edota Nemesio Otañoren abestiak daude. Horiez gain, Frankismoa amaitu zenean abesten genituen kantuak ere badaude, baina baita Xabier Lete, Benito Lertxundi edota Telesforo Monzonen abestiak ere. Euskarazko abestiak bildu nahi izan dut, oro har. Gure hizkuntza da euskara, eta lehentasuna horri eman behar diogula uste dut. Txikitatik gurasoengandik jaso dugu euskara, eta hizkuntzari eman nahi izan diot protagonismoa.-
- Ez da lehenengo aldia horrelako liburua egin duzuna, ezta?
Lehendabizikoa duela urte dezente atera nuen. Orduan, euskaraz eta gaztelaniaz egin nuen. Ondoren, hogeita zortzi urte nituenean beste bat egin nuen, eta 1995. urtean beste bat argitaratu nuen. Azken liburu hori Umore Ona elkarterako atera nuen. Abesti horiek elkartean geundela kantatzen genituen, hain zuzen horretarako atera bainuen. Hau, beraz, laugarren liburua izan da, eta uste dut bakoitzean egin dudan lana hobetzen joan dela.
- Nolako harrera izan du liburuak?
Erantzun ona izan du. Mila ale atera ditut, eta bi heren inguru saldu ditut jada. Normala den bezala, gehienak herrian saldu ditut, baina inguruko herrietan ere ari naiz pixkanaka liburua ezagutara ematen. Gazte askok deitzen didate liburua erosteko, baina gehienek gurasoei oparitzeko nahi izaten dute. Gazteek horrelako liburuak ez dituzte horren gustuko, eta ulertzekoa da hori. Izan ere, aurrerakuntza asko dago musika egitearen inguruan, eta orain bestelako erritmoak daude modan. Heltzen joaten garen heinean, ordea, musika klasiora hurbiltzeko joera handitzen da.
- Gustura al zaude egindako lanarekin?
Bai. Gustatzen zaidalako egin dut lana, bestela ez nuen egingo. Nik sentitzen dudana besteei ere eman nahi izan diet liburu honen bidez.
- Musikagintzarako zaletasuna aspalditik al datorkizu?
Abeslari bezala urte askotan ibili naiz. Polita da bakoitzak bere ahotsa lantzea, musikak norberaren gauza onak kanpora ateratzen laguntzen baitu. Gustura sentiarazten duen tresna dela uste dut.
- Ez duzu argitaletxe baten eskutik argitaratu liburua. Horrek, aparteko lanik eman al dizu?
Ez zait asko kostatzen herriz herri aurpegia ematen ibiltzea. Horretan ohituta nago, urte luzez komertzial bezala ibili naizelako lanean, besteak beste. Beraz, muga hori gainditu nuen aspaldi, eta ohitura hori aprobetxatu egin dut. Gainera, denbora ere badut horretan ibiltzeko.
- Bosgarren lana iritsiko al da?
Airean dago kontu hori. Badut material nahikoa beste abesti bilduma bat egiteko, eta ilusiorik ere ez zait falta. Momentuz ez naiz ari horretan, baina etorriko da agian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide