Mikel Labaka (Azpeitia, 1980) Realeko jokalariak bere ametsetako bi bete zituen joan den abenduaren 29an Euskal Selekzioak Venezuelakoaren aurka San Mamesen (Bilbo) jokatutako partidan. Batetik, ezustez, partida hori jokatu ahal izan zuen eta, bestetik, Selekzioak egindako hiru goletatik bat berak egin zuen. Labakarekin batera, partida hartan izan zen Mikel Aranburu Realeko jokalari azpeitiarra ere.
Hasiera batean deitu ez bazintuzten ere, azkenean jokatu egin zenuen partida. Hasierako atsekabea pasata, ilusioz hartuko zenuen albistea, ezta?
Bai, gustura hartu nuen. Atsekabeari dagokionez, azkenean badakigu Selekzioan 22 jokalarirentzat egoten dela tokia eta hautatzaileek egiten dutela zerrenda hori. Hasieran ez nengoen zerrenda horretan, eta ulertu behar da askoz gehiago direla zerrendatik kanpo gelditzen direnak zerrendan daudenak baino. Denok egon nahiko genuke han. Azken orduan, Athletic-eko Mikel San Jose gaixo zegoela-eta, deitu egin zidaten, eta oso gustura hartu nuen, noski. Partida berezia izaten da guztiontzat, niretzat ere bai. Partidan egoteko aukera poztekoa da.
Partida jokatu ez ezik, gola sartu gainera. Zer pasa zitzaizun burutik baloia sarean ikustean?
Denbora laburrean gauza eta jende asko etorri zitzaizkidan burura. Aitortu behar dut hunkitu ere egin nintzela, gol berezia izan baitzen niretzat; are gehiago, giro aldetik zelaia nola zegoen ikusita, eta kirol arloan ere, markagailua bi eta bat jarri zuela ikusita. Kontuan hartuta, gainera, ez nagoela golak sartzen ohituta, egia esan hunkitu egin nintzen.
Datorren partidarako hautatzaileek zalantza gutxiago izango dute beharbada, eta hasieratik deituko dizute.
Ez dauka zerikusi handirik. Ez dut uste gol bat sartzea erabakigarria denik, eta ez luke hala izan behar, gainera. Golak, azken finean, nahiz eta pozgarria izan, anekdotikoa da, zorte puntu bat ere eduki bainuen gola sartzerakoan.
Ofizialtasunaren alde lanean jarraitzeko indarrak badaude oraindik, ezta?
Bai, noski. Uste dut ibilbide handia dagoela oraindik egiteko, eta Euskal Herrian badago jendea eta bitartekoak zentzu horretan lanean jarraitzeko. Partida aurreko egunetan futbol munduko beste pertsona ezagun batzuek esan zuten ekarpenak egiteko prest daudela. Partida aurreko manifestazioan eta partidan bertan ere ikusi zen jendeak ofizialtasun gosea baduela. Hala, uste dut ahal den indar gehienak pilatu eta, norabide zuzenean jarrita, bide horretan jarraitu beharra dagoela zerbait lortu nahi bada.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide