Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkuna elkarteak zenbait berrikuntzekin ekingo dio lanean 2011. Aurtengo ibilbideari ekiteko batzorde berria eratu du besteak beste. Hala, aurretik zeuden bost kideez gain, bi lagun batu dira batzordera. Hori hala, elkartearen batzordera Aritz Oruesagasti eta Jokin Beristain batu dira datozen bi urtetarako, eta beraz, Tomas Guembe, Antton Sasieta, Jon Plazaola, Aitzol Arrieta eta Egoitz Epelderekin batera egingo dute lan urtean zehar.
Mendizaleen elkarteak 2010esko batzar orokorra egin du, eta bertan hartu zituzten erabakien bidez elkarteak irteera gehiago egingo dituela jakinarazi du aurrerantzean. Izan ere, Tomas Guembek jakinarazi duenez, elkarte barruan taldeak eratu dituzte, eta hori hala izanik, taldeek irteera berriak antolatu dituzte. «Orain arteko ibilbideari eutsiko diogu, eta egin ditugun haurren eta helduen ibilaldiak, edota Pirinioetara irteerak mantenduko ditugu. Horiez gain, ordea, eskalatzeko, eskiatzeko eta bizikletan ibiltzeko bidaiak ere egingo ditugu».
Aurtengo egutegia eratu dute, eta elkarteko kideak adierazi du 2011rako egin dituzten berrikuntzak «jende berria eta batez ere gazteak erakartzeko» asmoz egin dituztela.
Aurten, elkarteko kideek 27 irteera antolatzea aurreikusten dute, iazko bikoitza, hain zuzen ere. Urteko lehenengo irteerak egingo ditu hilabete honetan zehar, eta urtarrilean hiru ibilaldi egingo dituzte. Hala, hilaren 16an Lizarrusti-Illarrazura goiz ibilaldia egingo dute. Bertara joateko hilaren 13a baino lehen izena eman behar da, Azkoitiko Etxeza Haragitegian, eta elkarteko bazkide direnek 12 euro ordainduko dituzte, eta besteek 15 euro. Horrez gain, urtarrilaren 23an eta 30ean ere irteerak egingo dituzte.