Aritz Mutiozabalek (gitarra), Ibai Blancok (baxua) eta Ander Uberak (ahotsa eta programazioa) osatzen dute Neü taldea. Hamar urte daramatza talde zarauztarrak musika munduan, eta hamarkada betetzean lan berria plazaratu du, n3. Hamarkada batek askorako eman dezake, baina Neü taldearentzat atzo izan balitz bezala da. Hainbat gorabehera eta aldaketa izan badituzte ere, indarberrituta ageri da taldea. Lan berriaren inguruan aritu zaio taldeko Aritz Mutiozabal (Zarautz, 1980) Urola Kostako Hitzari.
n3 lana kaleratu berri duzue. Berrikuntzak izan dituzue disko honen atarian, ezta?
Bai, batetik bateria ordenagailu bategatik ordezkatu dugu. Bestetik, musika elektronikoa gehitu diogu gure ohiko estiloari. Garai berrietara moldatu dugu gure lana.
Zer eskaintzen du lan berri horrek?
Bost kantuk osatzen dute n3: Izarren semea, Piztia aske dabil, Ikaro, Zure ondoan eta Esna zure sena.Hasieran kantu batzuk egin genituen baina ez ziren mamitu. Abestiak ongi osatu ahal izateko denbora jakin bat behar izan dugu, artifizial samar geratzen baitziren.
Behin abestiak ondo borobildu ostean, maiatza aldera grabatu genuen diskoa. Gerora, beste batzuk sortu ditugu baina lan berrian ez sartzea erabaki genuen. Egindako lana ondo zegoen ala ez jakiteko grabatu genuen, guretzat, guk eta gure ingurukoek gozatzeko eta zabaltzeko.
Egun, hiru lagunek osatzen duzue taldea. Horregatik deitu diozue n3 disko berriari?
Bai. Urteen joan-etorrian hainbat aldaketa eman da taldean. Lan bakoitza kaleratzerako bateriaz aldatu dugu, esaterako. Baina hasiera-hasierako formazioko hiru taldekideok mantendu gara. Bateriajolearekin izan dugu arazoa, aldatzen joan gara. Egia esan, ez dugu zorte handirik izan, ez dakit ez gaituzten konprenitu edota gehiegi eskatzen genien. Hala ere, bueltan gara desagertu ez garenok. Azken etapan bateriajolerik gabe aritu gara, eta horregatik erabaki dugu ordenagailuaz eta teknologia berriez baliatzea.
Ongi moldatu al zarete ordenagailuaren bitartez bateriaren soinuak ordezkatzeko?
Proba bezala hasi ginen ordenagailuarekin lanean, pentsatuz epe laburrera gure jardunera egokituko zen bateriajoleren bat aurkituko genuela. Inoiz ez dugu lortu bateriajole hori, eta ondorioz, ordenagailuarekin jarraitzea erabaki dugu.
Ildo horretatik, joera berrietara moldatu behar izan dugu. Gure ikuspegi naturala bateria batekin jotzea da, eta harek zuzeneko gaitasuna, bizitasuna eta inprobisatzeko aukera ematen du, ordenagailu batek ematen ez duen bezala. Hori dela eta, hasieran oso artifiziala geratzen zen gure musika. Denbora jakin bat behar izan dugu ordenagailu bidez egindako patroi horiek modu naturalean entzun zitezen. Horregatik erabaki dugu musika elektronikora salto txiki bat egitea eta sampler edo grabatutako soinuak gehitu dizkiegu abestiei, musika bera beteagoa izan zedin. Izan ere, azken urteetan gitarra bat falta zitzaigun, eta horrek jokoa kendu dio melodiari. Hori dela eta, ordenagailu bidezko bateria orrazten joan gara sampleren bitartez, eta n3 izan da lan horien emaitza.
Hainbat aldaketa izan dituzue, baina esentzia bera izaten jarraitzen duzuela diozue.
Bai, bakoitzak bere jotzeko edo abesteko era mantendu du. Azken finean, betiko rock gogor hori du oinarrian, baina musika elektronikoaren doinu limurtzailea gehitu diogu. Betiko zati gogorrak mantendu ditugu, betiko parte azkarrak, ohiko parte melodikoak ditu ahotsak eta betiko oihuak. Gu gara, baina berrituta gatoz.
Bestalde, autoekoiztutako lana da.
Bai. Vista Alegre auzoko lokalean, entsegu gunean, grabatu genuen. Hiru aste inguru iraun zuen grabaketak eta Itaka taldeko Unai Eizagirre izan genuen bidelagun. Ez genuen estudio ofizial batean grabatu nahi, guretzat zen zerbait baitzen lana. Aleak gure kasara egin ditugu, lehenengo maketarekin egin genuen moduan. Gure lagunei banatuko dizkiegu, eta baita kontzertuetan ere. Ez ditugu salgai jarriko.
Aurrez beste lan batzuk kaleratu dituzue?
Bai, lehenengoa 2001ean plazaratu genuen, Neü. Hiru urteren buruan, Hilezkor kaleratu genuen. 2007an diskoa atera genuen Maite gorroto zatitua. Orain n3 sortu dugu, eta esan bezala, beste hainbat kantu ditugu prest. Aurrerantzean laupasei kantu borobiltzen ditugunean maketa bat kaleratuko du ziurrenik. Orain helburua gure musika zabaltzea da, eta horrekin ondo pasatzea.
Noiz aurkeztuko duzue lan berria zuzenean?
Hilaren 28an Getariako Ketarri tabernan joko dugu lehenengo kontzertua, 22:30etan.
@Neü taldearen inguruko informazio osoa jaso nahi duenak Facebook sare sozialaren bilatzailean Neü taldea idatzita eskuratuko du. Bestalde, hirukotearen inguruko datuak jasotzeko edota euren abestiak entzun ahal izateko ondoreingo helbidean klika daitke. bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.myspace.com/neutaldea