Nahastuta dabiltza urak Azpeitian dagoen Euskal Burdinbidearen Museoan, izan ere, egunotan ozenak dira bertako zuzendari Juanjo Olaizola kargutik kendu duten zurrumurruak.
Olaizolak berak ez du inolako adierazpenik egin nahi izan baina, haren abokatu Aitzol Aslak ezeztatu egin ditu egunotan hedabideetan agertutako berriak eta Hitzari adierazi dioenez, «Olaizolak ez du inolako kargugabetze adierazpen ofizialik jaso, horregatik, momentuz, ez dugu adierazpenik egin nahi».
Dena den, Aslaren ustez, «zerbait dagoela argi dago, gauza hauek atera diren momentutik». Horiek argitzeko asmoz, aste honetan edo datorrenean biltzekoak dira Olaizola, Asla eta Eusko Trenbideak elkarteko arduradunak.
Herenegundik hainbat komunikabidek adierazi du Eusko Jaurlaritzak kargutik kendu duela Olaizola, eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Departamentuaren menpe dagoen eta museoaren ardura daukan Eusko Trenbideak elkarte publikoak Atxuriko bulego zentraletan administrazio postu batera lekualdatu duela.
Esan bezala, ordea, datorren asteko bileran argituko dira zalantza guztiak.
Olaizola lasai dago
Abokatuari Olaizolaren egoeraz galdetuta, «lasai» dagoela dio, «badaki berak zer egin duen, urte hauetan guztietan museoaren aldeko lan gogorra eta hori egiten jarraitzea espero du, ez du besterik nahi», dio Aslak.
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak 1989an kontratatu zuen Juanjo Olaizola Euskadiko trenbideen ondasunaren inbentarioa egiteko eta 1990etik aurrera Euskal Burdinbidearen Museoaren proiektua sustatzeko. 1992an zabaldu zen Museoa eta 1994an Eusko Trenbideak elkarte publikoaren esku gelditu zen. Hasieratik, museoa bagoi eta lurrin makinak biltzen eta mantentzen saiatu da, baita horiek martxan edukitzen ere. Horregatik, duela urte batzuk tren geltoki zaharretik Lasaoraino doan 5 kilometroko trenbide zatia berreskuratu zen eta jendeari garai bateko trenetan nola bidaiatzen zuten erakutsi ahal izan zaio ordutik.
Olaizolak hasieratik bultzatu dituen ekimen horiek, Azpeitikoa, estatuko tren museo hoberenen artean kokatzera eraman dute eta ez dira gutxi diotenak, arrakasta horren arrazoi handienetakoa Olaizolak bertan egindako lana izatea; eta noski, buzo urdina eta eskularruak jantzi eta lurrin makinari ikatza botatzeari inoiz uko egin ez izana. Olaizola, aditua da tren eta trenbideetan eta gaiari buruzko 30 liburu inguru idatzi ditu.