Orioko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dei egin nahi die herritarrei bihar, abenduaren 31n, urteko azken elkarretaratzean parte hartzeko. 19:30ean izango da kontzentrazioa Herriko Plazan. Presoek gure berotasuna sentitu dezaten animatu eta azaldu plazara, diote Amnistiaren Aldeko Mugimendutik. Elkarretaratzearen bukaeran urtarrilaren 8an Bilbon izango den manifestazio nazionalerako hainbat pertsona eta eragileren atxikimenduekin osatutako bideoa erakutsiko dute.
Urtarrilaren 8an Bilbon izango den manifestazio nazionalera joateko Oriotik autobusa izango da eta izena emateko epea urtarrilaren 5era bitartekoa izango da. Horretarako Nazionalaren Loretxu, Baraka, Sarasua edo Kolon Txikira jo behar da. Manifestazioaren leloa Euskal presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, egin dezagun urratsa da eta Euskal Herriko lagun eta eragile askoren babesa du. Manifestazioari buruzko informazioa www.egindezagunurratsa.info helbidean aurki daiteke. Manifestua eskuragarri jarri dute nahi duenak irakurtzeko eta atxikipen pertsonal zein kolektiboak egiteko aukera ere badago.