Bizkargi Musika eta Dantza eskolak urteko batzar orokorra egin zuen atzo. Ikastetxeko kide direnek gurasoekin elkartu ziren, eta egoera ekonomikoaren eta pedagogikoaren inguruan jardun zuten, besteak beste.
Egoera ekonomikoari dagokionez, Mari Jose Arregi zuzendariak adierazi du ikastetxeak «urte hobeagoak» izan dituen arren, «inoiz baino aurrerapen» handienak izan dituela; «aurten, Eusko Jaurlaritzatik laguntza berezi batzuk jaso ditugu. Hori dela eta, orain arteko aurrerakuntza handienak egin ditugu ikastetxean, material berri asko erosi ahal izan baitugu».
Egoera pedagogikoari dagokionez, berriz, Arregik azaldu du zenbait berrikuntza sortu dituztela ikastetxean. Ikastetxearen lan ildoak ikasleek dituzten «zaletasunak mantentzea» izanik, eskaintza zabaldu dute, eta bi urteko haurrei zuzendutako Musika Goiztiarra ikasketak jarri dituzte martxan. Halaber, ikastetxeak bertako ikasleei aurrera begira jarraipena ematea nahi die, horregatik batzarrean azaldu dutenez, ikastetxearen beste helburua da ikasleek «bertan ikasten jarraitu» ahal izatea.