Udalak 21.000 euro inguru bideratuko ditu Santa Barbarako pareta garbitzera

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2010eko abenduaren 22a

Udalak 21.240 euro bideratuko ditu Santa Barbarako horma garbitzera. Eremua berreskuratzeko planaren baitan egingo dute lan hori, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen margoa ezabatuko dute. Lan hori egiteko hiru asteko epea izango dute, eta langile espezializatuak arduratuko dira horretaz. «Zaila da horma garbitzea; izan ere, zintzilik egin beharreko lana da. Tresna bereziez baliatuz langile espezializatuak izango dira lan hori burutuko dutenak» azaldu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak. Hala, ur txorrotadun hidrogarbitzaileak eta desugertzaileak erabiliko dituzte, eta lokarri bikoitzetatik zintzilikatuko dira langileak. PP alderdiko zinegotzi Rafa Olaizolak jakinarazi duenez, oraindik ez dute lan horretaz arduratuko den enpresa esleitzeko lehiaketa egin. Plana onartu eta hurrengo pausoa, beraz,esleipena egitea izango da. Behin lehiaketa egin ondoren, lanekin hasiko dira. Hiru urterako plana Pasa den azaroko udalbatzarrean onartu zuten Santa Barbara ingurua berreskuratzeko plana. Hiru urteko plana izango da, eta hainbat fasetan burutuko da. «Lehenengo fasean horma garbituko da, eta Santa Barbarako ermita ingurua berreskuratu» adierazi du Elolak. Alejandro Vazquez Hamaikabateko zinegotziak nabarmendu duenez, planaren helburua eremua saneatzea da. Horretarako, bertan dauden sasiak kendu, landare txarrak garbitu, Mutxion dauden burdinazko estrukturak erretiratu eta Torreoia txukundu behar dira, besteak beste. Era berean, ehiza postu ilegalak desagerraraziko dituztela gehitu du PSE-EEko zinegotziak. Horretaz gain, [...]

Udalak 21.240 euro bideratuko ditu Santa Barbarako horma garbitzera. Eremua berreskuratzeko planaren baitan egingo dute lan hori, eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen margoa ezabatuko dute. Lan hori egiteko hiru asteko epea izango dute, eta langile espezializatuak arduratuko dira horretaz. «Zaila da horma garbitzea; izan ere, zintzilik egin beharreko lana da. Tresna bereziez baliatuz langile espezializatuak izango dira lan hori burutuko dutenak» azaldu du PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak. Hala, ur txorrotadun hidrogarbitzaileak eta desugertzaileak erabiliko dituzte, eta lokarri bikoitzetatik zintzilikatuko dira langileak.
PP alderdiko zinegotzi Rafa Olaizolak jakinarazi duenez, oraindik ez dute lan horretaz arduratuko den enpresa esleitzeko lehiaketa egin. Plana onartu eta hurrengo pausoa, beraz,esleipena egitea izango da. Behin lehiaketa egin ondoren, lanekin hasiko dira.
Hiru urterako plana
Pasa den azaroko udalbatzarrean onartu zuten Santa Barbara ingurua berreskuratzeko plana. Hiru urteko plana izango da, eta hainbat fasetan burutuko da. «Lehenengo fasean horma garbituko da, eta Santa Barbarako ermita ingurua berreskuratu» adierazi du Elolak.
Alejandro Vazquez Hamaikabateko zinegotziak nabarmendu duenez, planaren helburua eremua saneatzea da. Horretarako, bertan dauden sasiak kendu, landare txarrak garbitu, Mutxion dauden burdinazko estrukturak erretiratu eta Torreoia txukundu behar dira, besteak beste.
Era berean, ehiza postu ilegalak desagerraraziko dituztela gehitu du PSE-EEko zinegotziak. Horretaz gain, «garai bateko landareria» berreskuratuko dela jakinarazi du: «Eremu hori oso aberatsa da landareriari dagokionez. Arkamurka ugari daude bertako klima bereziagatik. Horiek leku gutxitan hasi ohi dira».
Plana aurrera eramateko aurrekontua 120.785 eurokoa izango da, eta hiru urteetan ordainduko dute: 2010ean 38.185 euro, 2011ean 41.300 euro eta 2012an 41.300 euro.
Elolak adierazi duenez Eusko Jaurlaritzak eremua berreskuratzeko duen egitasmoaren baitan kokatu dituzte lanok , eremuak duen interes naturala dela-eta. Hori dela eta, erakundeak lanak aurrera eramaten lagunduko duela espero du PSE-EEko zinegotziak.
Iritzi kontrajarriak
Gehiengoz onartu zuen Udalbatzak Santa Barbara gunea errekuperatzeko plana martxan jartzea, Hamaikabat, PSE-EE eta PP alderdien aldeko bozkekin. EB-Aralarreko eta EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren.
Azken horien arabera, «krisi garaian dirutza gastatzeak ez du zentzurik». Hala ere, mendia margotzearen aurka daudela jakinarazi du Imanol Lasak, eta «zerbait mantentzekotan garai bateko ikurriña» utzi beharko litzatekeela dio: «Historikoki Zarauzko irudia izan da Santa Barbarako horman margotuta zegoen ikurriña, eta hori utzi beharko litzeteke».
EB-Aralar alderdiko bozeramaile Andoni Ibargurenek bat egin du Lasarekin: «Zarautzen beste lehentasunak badaudela deritzogu, eta hainbeste diru horretara bideratzea ez da lehentasunezkoa». «Iniziatiba positiboa da baina garaia, ordea, ez» esan du. Horretaz gain, hitzarmenaren atzean «beste interesak» daudela azaldu du: «Argi eta garbi dago plana bultzatu dutenen nahia hormako irudia desagerraraztea dela».
Ezker abertzaleko hautetsi Koldobike Muniainek egungo testuinguruan hartutako neurriak «Udalaren itsukeria» agerian uzten duela azaldu du: «Gai hori ez da lehentasunezkoa, aldarrikapen soila da hormako irudia».
Ildo horretatik, PSE-EEko bozeramaileak «Udalari dirua aurreztearren», margoa egin zuten haiek pareta garbitzea litzatekeela «egokiena» deritzo.
«Irudi mingarria»
PPko zinegotziak Santa Barbarako hormako irudiak «herritarrenganako zein ekologiarenganako errespetu falta» adierazten duela nabarmendu du: «Behin eta berriz eskatu izan dugu margo hori desagertaratzeko. Jende askori min ematen dio aldarrikapen horrek». Era berean, bozken atzean interes politikoa dagoela gehitu du: «Batzuri margoa bertan egotea gustatzen zaie».
Muniainek irudiak hainbat herritarri ere mina eragiten diela nabarmendu du: «Margoa bertan egoteak euskal presoak egun ere sakabanatuta daudela gogorarazten digu, eta horrek min ematen digu. Ildo horretatik, irudia desagertarazi beharrean, euskal presoak etxeratu behar dira». Bestalde, «zarauztarrek asko maite duten» irudia dela adierazi du, eta ingurunean integratuta egon beharko lukeela nabarmendu. Horri lotuta, urtarrilaren 8an euskal presoen aldeko manifestaziora bertaratzeko deia egin du eta «errealitatearen aurrean itsu ez izateko» eskatu.
Ibargurenek bat egin du aldarrikapenarekin, «herritarren gehiengoaren nahia baita». Baina ez dator bat moduekin: «Ez da toki egokia nahi hori aldarrikatzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide