Soroperia, festaz blai herria

Olatz Prat 2010eko abenduaren 22a

Igande honetan festa giro aparta izango da Zestoan, urtero bezala, San Esteban egunez Soroperia ospatuko baitute; adin eta gustu guztietarako ekintzak antolatu dituzte abenduaren 26rako.

Urtero legez, festa giroz eta baserritarrez jantziko da Zestoa Soroperi egunean. Igande honetan, San Esteban egunean, goizetik gauera izango da jan-edanaz, lagunarteaz, musikaz eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera. Igandea izanik, jendetza espero da, gainera.
Goiz-goizetik, plazan bilduko dira baserritarrak azoka ederra ipini eta barazkiak eta frutak erakutsi eta saltzeko. Lehiaketak ere izango dira; urtero bezala, barazki eta frutarena ez ezik, eztiarena eta herriko gazta eta sagardoarena ere egingo dituzte. Horiez gain, talogileak egongo dira eta salmenta postuak ipiniko dituzte plazan. Bigarren urtez, gainera, herriko merkatarien azoka ere izango da; hauek, stockean dituzten produktuak salgai jarriko dituzte kaleetan.

Baba-janerako txartelak
Gaztetxeak antolatu duen baba-janerako txartelak salgai daude, eta ostirala izango da horiek erosteko azken eguna. Koiote eta Uztapide tabernetan eros daitezke 15 euroren truke. Adierazi dutenez, prezio horren baitan dago arratsaldeko herri-kirol jaialdirako txartela, pilota taldeak merkeago egiten eskainiko baitio sarrera Gaztetxean bazkaltzen duenari.

Pilota partidarako sarrerak
Herri-kirol jaialdiari amaiera emateko, pilota profesionaleko partida bikaina jokatuko dute igande arratsaldean Zestoako Kiroldegian, Mikel Goñi eta Juantxo Koka, Migel Capellan eta Oskar Lasa, Lasa III.aren aurka ariko baitira 17:30etik aurrera.
Partidarako sarrerak aurrez erosi nahi dituenak 659-649781 (Berdaitz) telefono zenbakira deitu beharko du.
Bestalde, festetan ohi dutenez, igandean egun osoz Zumaia eta Donostia aldera doazen autobusen geltokia lekuz aldatuko dute, eta hala, autobusak Ertxinondo okindegi aurrean geratuko dira.

Abenduak 26, igandea. Egitaraua

  • 09:00. Idiakaitz Txistulari taldearen diana.
  • Goizean zehar. Lehiaketak izango dira: XXI. Barazki eta Fruta Lehiaketa; Urolako XIII. Ezti Lehiaketa, XII. Zestoako Gazta eta Sagardo Lehiaketa. Horiez gain, talogileak eta salmenta-postuak ere izango dira.
  • Goizean zehar. Herriko merkatarien stock postuak egongo dira kaleetan.
  • 11:00. Monik eta Eider trikitilariak plazan izango dira. Idiakaitz Txistulari taldearen kalejira.
  • 11:00. Gipuzkoako benjaminen, alebinen eta infantilen esku-pilotako txapelketa jokatuko dute Kiroldegian: Zestoako eta Azpeitiko Erniope taldeko pilotariak ariko dira lehian.
  • 12:30. Barazki eta fruta, ezti eta gazta eta sagardo lehiaketetako sariak banatuko dituzte plazan.
  • Jarraian. Trikitilariek eta Idiakaitz Txistulari Taldeak kalejira egingo dute.
  • 12:30. Gaztetxetik abiatuta, triki-poteoa izango da.
  • 13:30. Gazta eta sagardo dastaketa izango da plazan.
  • 14:30. Baba-jana egingo dute Gaztetxean.
  • 17:00. 3, 2, zast… egizu jolas! Lanku taldearen eskutik, bertsoa, koplak, txotxongiloak eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia, Kultur Etxean (3-8 urte bitarteko umeentzat).
  • 17:15. Herritarrak Kiroldegira joango dira kalejiran, Laranjadi Txarangak lagunduta.
  • 17:30. Herri-kirol jaialdia izango da Kiroldegian. Harri-jasotzen Jagoba Otaegi eta Jon Aizpurua, Mispita. Trontzan, Garikoitz Lopetegi eta Joseba Eizagirre akoatarrak Joseba Odriozola eta Mikel Diaz zestoarren aurka. Ondoren, pilota partida profesionala jokatuko dute: Mikel Goñi-Koka, Capellan-Lasa III.aren aurka.
  • Ondoren. Laranjadi Txaranga kalean ibiliko da afalordura arte.
  • 22:00. Triki ta Su-ren emanaldia udaletxeko arkupetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide