
Jon Urien Zarauzko alkateak akordioa sinatu du Fernando Perez Burgos Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuburuarekin, non Zarauzko Udalak bere gain hartzen dituen Mollarriko zamatzeko tokiaren mantentzea eta kudeaketa, betiere eremu hau berroneratzeko Ingurumen Ministerioak hasitako lanak amaitutakoan.
Eskualdatze akta sinatzeko egindako bilerarekin, non Alejandro Vazquez Ingurumen zinegotziak ere parte hartu duen, amaitutzat eman da ia mende batean antzekorik heldu ez den gune batean makinak sartuz hasitako prozesua. Berroneratzeko lanen artean zeuden, besteak beste, gunea egokitzea, txangozale eta ibiltari guztientzat bidexka berriak eratzea, zamatzeko tokia eta aldameneko beste instalazioak garbitzea, eta hondartza eta Zarauzko kanpinarekin lotune berri bat egitea.
Mollarriri buruz atzo erdietsitako akordioaren ondorioz, Zarauzko Udalak bere gain hartu du gune hau mantentzeko, kontserbatzeko, kudeatzeko eta zaintzeko ardura, eta publikoaren erabilerarako sarrera irekita, libre eta dohain mantentzea. Halaber, aldian aldiko garbitasunaz, eta gunean ipini diren hiri-altzari eta bestelako elementu guztiak zaintzeaz arduratuko da.
Nolabaiteko kalteren bat gertatuz gero, Udalak badu eskumenik horiek konpontzeko. Gertakaria pertsonaren batek eragindakoa izanez gero, Udaltzaingoak kasuari buruzko informazioa bilduko du, eta Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritzari bideratuko dio identifikazioa eta dagokion informazioa, erakunde honek dagozkion zigor tramiteak abian jarri ditzan.
Jon Urien alkateak dioenez “akordio honen sinadura berri on bat da Zarautzentzat, kontuan izanik Mollarriko gunearen mantentze lanak gure eskumenean egoteak, bertako baldintzen jarraipen zehatzagoa eta gertukoagoa egiteko aukera emango digula, eta udalaren jarduketa bat behar izanez gero, askoz azkarrago jardun ahal izango dugula”. Hamaikabat alderdiko alkateak dio “Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritzaren jarduketa osatzea ere aurreikusi dugu; horretarako tokiaren historia azaltzen duten informazio taulak ipini, eta bertako errealitatea ezagutzeko aukera emango duten oinezkoentzako ibilbideak antolatuko ditugu”.
Bere aldetik, Alejandro Vazquez zinegotziak nabarmendu du “edertasun aparta eta balio paisajistiko handia duen eta zarauztar guztiek asko maite duten leku bat berreskuratu dugula”. Zinegotziaren aburuz, berroneratze lanen ondoren lortutako abantailarik handienetariko bat zera izanda “pertsona orok arazorik gabe bertara joateko aukera ematen duten bideak egokitu direla, eta horrek balio erantsia ematen diola”. “Zamatze tokiaren berreraikuntzak, gainera, Zarautzen iragan historikoa antzemateko aukera emango digu, eta herriko kultur eskaintza aberastekoa”, dio, eta “zarauztar guztiei bertatik paseatzeko eta gune honek izandako hobekuntza nabarmena egiaztatzeko” gonbita luzatuz amaitu du.