Gabonak zaldi artean igarotzeko aukera dute umeek

Onintza Lete Arrieta 2010ko abe. 22a, 15:37

Gabonetan haurrei eskainitako aisialdi edo hezkuntza aukerak ugaritzen ari dira urtez urte, eta Zestoako Sastarrain baserri eskolak ere proposamena bidali nahi die gurasoei. Izan ere, abenduaren 27tik 31ra bitartean, zazpi eta hamairu urte bitarteko...

Gabonetan haurrei eskainitako aisialdi edo hezkuntza aukerak ugaritzen ari dira urtez urte, eta Zestoako Sastarrain baserri eskolak ere proposamena bidali nahi die gurasoei. Izan ere, abenduaren 27tik 31ra bitartean, zazpi eta hamairu urte bitarteko gaztetxoek hainbat ekimen egiteko aukera izango dute. Bi egonaldi mota jarri dituzte herritarren eskura: egonaldi itxiak Sastarrainen bertan lo egin nahi dutenentzat, eta egonaldi irekiak, gainerakoentzat. Taldea osatzeko gutxienez 10 haurrek eman beharko dute izena. Horretarako edo informazioa eskuratzeko telefonoa hau da: 943-148239.

Baserri eskolako ekintzak, jolas ludikoak eta, «batik bat, zaldien eta pottoken mundua ezagutzeko zaldiketa hastapen ikastaroak» egingo dituzte. Hala, ikastaroetan haurra «zaldien mundura gerturatzea izango da helburua, zaldia ezagutu, kontaktua izan eta saio guztiak amaitzerako zaldi gainean ibiltzeko gai izango delarik» ikastaroan parte hartzen duena.

Egonaldi itxia. Gauak Sastarrainen bertan igaroko lituzkete haurrek. Prezioa: 185 euro.

Egonaldi irekia. Goizetik arratsaldera Sastarrainen ibili, bertan bazkalduz, eta gero nor bere etxera bueltatuko litzateke. Prezioa: 100 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide