Udal Gobernuak ez du Ikastola berririk nahi?
Horixe da, hain zuzen, Zarauzko Ezker Abertzaleko Udal Taldeak, jakindakoak jakinda eta entzundakoak entzunda, egiten duen galdera.
Urte askotxo darama ikastola berriaren gaiak udalaren agendan: proiektuak hara eta hona, hirigintza arauen aldaketak batera eta bestera, honen eta haren hitza….. oztopo ugari….. eta, azkenean, udal gobernuak proposamen zehatz bat ontzat eman eta gaia bideratu zela zirudienean, finantziazio arazoak ditu Ikastolak Eguzki Izar orubean ikastola berria eraikitzeko proiektua burura eramateko.
Egoera horrek bultzatuta jo omen dute berriz ere Udaletxera, eta baita alderdiengana ere, banaka. Ezker Abertzaleko Udal Taldearengana ere jo dute, udal horrek aplikatzen duen bazterketa politikoaren ondorioz kanporatuta gauden arren, eta beren ahotik jakin dugu gaur egun bizi duten egoera.
Hala, proposamen berri bat aurkeztu diote Udalari: Eguzki Izar orubean egin beharrean, ikastola gaur egun dagoen tokian utzi eta fase ezberdinetan eraikin berri bat egitekoa, hain zuzen, lehengoa erabat eraitsi gabe. Kostu osoa asko murriztuta, lan horiek egiten hasteko baimena eskatzen zuten, beti ere proposamen ireki batean oinarrituta eta adostasunetara iristeko borondatearekin (proiektu berriak zenbateko aprobetxamendurako eskubidea sortzen duen, eta abar). Hirigintza Batzordeak, ordea, ezetz erantzun omen die, oso korapilatsua dela, proiektu zehatzagoa idazteko….. hitz bitan, ez baimen eta ez elkarrizketa.
Ezker Abertzaleko Udal Taldeak ez du ulertzen jarrera hori. Udal gobernua jakitun da ikastola berriaren eraikina ez dela apeta bat, behar bat baizik, ikastolak ezin duela gaur egungo baldintzetan luzaro iraun; jakitun da finantzaketa arazoa ez dela ikastolarena soilik, askoz orokorragoa dela, udala bera ere egoera ekonomiko larrian baitago. Zertara dator, orduan, hainbeste oztopo jartzea? Zer dela eta ez du ikastolarekin bilerarik egin nahi arazoari irtenbide duin bat bilatzeko?
Zarauzko ikastetxerik handiena denari oztopoak jartzen jarraitzeak ez du zentzurik. Bertako gurasoak haserretzen hasiak dira, dagoeneko luzeegi doan gai horrekin. Konponbidea behar dute.
Zarauzko herriak behar du ikastola, eta herritarrok ere bai. Irtenbidea luze gabe eskaini behar zaio gai horri, urtea amaitu baino lehen, ahal bada, legealdia amaitu baino lehen, beti ere. Udal gobernua osatzen duten EAJ, H1, EB-Aralar eta PSE alderdiek herritarren aurrean beren jarrera orain argi dezaten eskatzen dugu, ez baitugu nahi datorren hauteskunde kanpainan inork bere burua “ikastolaren salbatzaile” gisa aurkez dezan.
Gainerakoan, alderdi horiek ikastola berririk ez dutela nahi pentsatuko dugu.
Irati Altzibar, Zarauzko Ezker Abertzaleko Udal Taldearen izenean.