«Gatazka bide politikoetatik eta demokratikoetatik konpontzeko urratsak ematen ari garen honetan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduarentzat premiazkoa da presoen aferari irtenbidea ematea», adierazi zuten AAMko kideek igandean Zarautzen egindako agerraldian. Ildo horretatik, «sakabanaketa amaitzea, muturreko neurriak indargabetzea eta prozesu politikoan aktiboki parte hartu dezaten Presoen Kolektiboa Euskal Herriko espetxeetan batzea» bultzatu beharra dagoela nabarmendu zuten.
Era berean, «gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea, bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera uztea eta espetxe barruko eskubide urraketak amaitzea» eskatu zuten Azpeitiko taldekideek.
Ildo horretatik, «espetxeko muturreko egoerak gainditzeko», herritarrei AAMk Gabonetarako antolatu dituen ekitaldietan parte hartzeko deia egin zieten. Azpeitian alderdi politiko, sindikatuetako eta kultura, kirol, hezkuntza eta merkataritza alorretako kideek eta herritar ugarik egin dute bat jardunaldiekin. Zarauzko kideek ere «lanean tinko» egitzeko konpromisoa hartu dute.
«Eskubideak urratuta»
AAMko kideek jakinarazi zutenez, ia 750 preso politiko daude Espainiako eta Frantziako «ziega ilunetan sakabanaturik». Horrek «eragin zuzena» du haien senideengan: «Presoak bakartzea eta zatitzea helburu duen politika honen ondorioz, senideak bisitan joan ahal izateko, milaka kilometro egitera behartuta daude. Aurten 11 istripu izan dira».
Horretaz gain, «biziarteko zigorra» ezarri diete 50 euskal preso politiko baino gehiagori: «Aurrez ezarritako zigorrabetea izanagatik beste hamar urte luzatu diete». Horren harira, Joxe Mari Perez Txuri zarauztarraren kasua ekarri zuten gogora: «Txurik 2008ko azaroan zigor osoa bete zuen, eta 21 urte espetxean egon ondoren, beste bederatzi urtez luzatu zioten zigorra». Bestalde, Haimar Arozena eta Ekaitz Sirvent zarauztarren kasuak ere salatu zituzten: «Haimar eta Ekaitz beren senideengandik ia 1.000 kilometrora daude».
Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Gabonetako egitaraua
Abenduak 24, ostirala
Azkoitia. 19:00etan, elkarretaratzea plazan.
Azpeitia. 19:00etan, elkarretaratzea plazan.
Getaria. 16:00etan, presoen aldeko Olentzero, Harraldetik.
Orio. 19:30ean, kontzentrazioa plazan.
Zarautz. 18:00etan, Olentzero Kantuz, Guria aurretik.
Eta 19:45etan elkarretaratzea udaletxe aurrean.
Zestoa. 09:00etan, Olentzero Kantuz, gurutzetik. 16:00etan Uztapide plazatik.
Zumaia. 19:00etan elkarretaratzea, magnolio aurrean.
Abenduak 26, igandea
Urola Kosta. Martutenera martxa, 11:00etan Astigarragako biribilgunetik hasita. Herri guztietatik autobusa jarriko dute bertara joan ahal izateko. Izena ohiko lekuetan eman behar da.
Abenduak 31, ostirala
Azkoitia. 18:30etan, manifestazioa, Eskubide guztien jabe euskal presoak Euskal Herrira lemapean, plazatik.
Azpeitia. 19:00etan, manifestazioa, igerilekutik.
Getaria. 19:30etan, elkarretaratzea udaletxe aurrean.
Orio. 19:30etan giza katea, plazatik abiatuta.
Zarautz. 19:00etan, manifestazioa plazatik abiatuta. Eta goizaldeko ordu batean, brindisa, Musika Plazan.
Zestoa. 19:30etan elkarretaratzea plazan.
Zumaia. 18:30etan manifestazioa, Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuta.
Urtarrilak 1, larunbata
Azkoitia. 11:00etan presoen aldeko argazkia Kakuten.
Zestoa. 09:00etan mendi irteera gurutzetik.
urtarrilak 8, larunbata
Urola Kosta. Bilbora manifestazio nazionalera joateko autobusa egongo da herri guztietan.
